Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila

EAE-ko lurraldean komunitate-konpostajeko instalazioak

Europako Batzordearen[1] hainbat lan-dokumenturen bidez orokortu eta onartu egin dute arlo horretan lan egiten duten pertsonek sailkapen hirukoitz bat, konpostajea gauza daitekeen hiru moduak oinarri hartuta; hain zuzen, honako sailkapen hau egiten da: etxeko konpostajea, komunitate-konpostajea edo konpostaje zentralizatua.

Etxeko konpostajeak eta konpostaje zentralizatuak ez dute planteatzen interpretazio-arazo handirik ingurumeneko administrazioaren esku-hartzearen erregimenei dagokienez. Interpretazio-arazoak honetan agertzen dira, komunitate-konpostajean, alegia. Izan ere, industria-motako jarduerara iristen ez den arren, gainditu egiten du etxeko edo familiako esparrua, eta pertsonen talde oso murritz batek egin dezake edo dozenaka edo ehunka bizilagunen partaidetza izan dezake.

Europako joera horiei jarraituz, onartu berria den 2020rako EAEko Hondakinak Prebenitzeko eta Kudeatzeko Planaren baitako Prebentzio Programaren helburu espezifikoen artean dago hau: autokonpostajearen sustapena landa-eremuetan, edo komunitate-konpostajea dentsitate txikiko bizileku-eremuetan; eta jarduera zehatz gisa dago hau: etxeko eta komunitateko konpostajearen jarduera orokortuak foru-planetan sartzea bultzatzea.

Interpretazio arazo hauek argitzeko, 2015eko urriaren 19an Ingurumeneko sailburuordeak 1/2015 zenbakia duen instrukzioa onartu du, Euskadiko lurraldean komunitate-konposatejko instalazioak izan behar dituzten administrazio prozedurei buruzkoa dena.

Instrukzio horrek jasotakoaren arabera, Ingurumen Sailburuordetzak, komunitate-konpostajea hondakinak prebenitzeko eragiketa gisa hartzen du zentzu zabalean, eta ez hondakinak kudeatzeko jarduera gisa; baldin eta betetzen badira instrukzioan zehazten diren atalaseak.

Baldintza horiek betetzen badira, instalazio horiei ez zaie eskatuko hondakinak kudeatzeko baimena, ezta atmosfera kutsa dezakeen jardueraren baimena ere.

Halaber, instalazio hauek ez daude 1998ko otsailaren 27ko 3/1998 Legearen, Euskal Herriko ingurugiroa babesteko lege orokorraren, II.A eranskineko jarduteko lizentziaren menpeko jardueren artean (10. atala hondakinak biltegiratzeko, baloratzeko eta deuseztatzeko instalazioak, ulertzen baita ez direla hondakinak tratatzeko instalazioak, zentzu zabalean hondakinak prebenitzekoakbaizik.  Aipatutako arauaren II. B eranskineko 14. atalean sar daitezkeenak dira aldez aurretik komunikatzeko erregimenari atxikitako sailkatutako jarduera gisa.

Arestian azaldutakoagatik, Ingurumen Sailburuordetzak ez ditu onartuko sailkatutako jardueraren udal-lizentzia lortzeko prozedurarekin lotutako izapideak instrukzioko lehenengo klausulako atalaseak eta baldintzak betetzen dituzten instalazioetarako, eta ez da emango prozedura horietan eskatzen den neurri zuzentzaileak ezartzeko derrigorrezko txostena.

Instrukzioko lehenengo ataleko baldintzetakoren bat betetzen ez bada, konpostajeko jarduera-mota hau hondakinak tratatzeko eragiketa gisa hartuko da.

Euskadiko lurralde osoan instalazio-tipologia honetarako estandar tekniko homogeneoak izateko xedez, agindu bat garatuko du organo honek berak. Agindu horrek jasoko ditu betebehar teknikoak ingurumenaren arloan eskumenak dituzten EAEko gainerako administrazio publikoetarako, zentzu zabalean hondakinak prebenitzeko eragiketa gisa hartzen diren komunitate-konpostajeko instalazioetarako.

 

1/2015 instrukzioa, 2015eko urriaren 19koa, Ingurumeneko Sailburuordearena, EAEko lurraldean komunitate-konpostajeko instalazioek izan behar dituzten administrazio-publikoen prozedurei buruzkoa (PDF, 431 KB)


[1] Institute for Environment and Sustanability European Connmissión (JRC-IES). “Supporting Environmentally Sound Decisions for Bio-waste Management - A practical guide to Life Cycle Thinking (LCT) and Life Cycle Assessment (LCA)” 2011. 23. orrialdea eta hurrengoak.

 

Azken aldaketako data: