Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila

Klima aldaketa. Gakoak

Lurreko klimak etengabe eboluzionatzen du. Denboraren joanarekin gertatzen zaion aldaketak bi kausa mota ditu: alde batetik, kausa naturalak; eta, bestetik, pertsonen ekoizpen-jarduerak eta kontsumo-ohiturak. Gaur egun, komunitate zientifikoaren baitan adostasun zabala dago klima-aldaketaren inguruan, hau da, garbi ikusten da gizakion ekoizpen-moduak eta kontsumo energetikoak  klima aldatzen dutela eta horrek ondorio larriak ekartzen dizkiola Lurrari. Kliman gertatzen diren aldaketa horiek parametro meteorologiko guztietan agertzen dira: tenperatura, presio atmosferikoa, prezipitazioak, hodeitza, eta abar, IPCCren 5. Txostenak ondorioztatzen duen bezala.

194 estatuz osatutako Klima Aldaketari buruzko Nazio Batuen Esparru Konbentzioak (KANBEK), Klima Aldaketari buruzko Gobernuarteko Adituen Taldeak (IPCC) fenomeno hori gertatzen ari dela erakusteko bildutako froga sinesgarriak ikusita, honela definitzen du klima-aldaketa: “giza jardueraren eraginez kliman zuzenean edo zeharka gertatzen den aldaketa, munduko atmosferaren konposizioa aldatzen duena eta garai alderagarrietan kliman berez gertatu eta antzematen den aldaketari gehitzen zaiona”.  

Gizakion jardunak planetaren berokuntza globala ekarri du. Berokuntza hori oso ondorio larriak izaten ari da, eta aurreikusten da haren intentsitatea gero eta handiagoa izango dela etorkizunean. Oraingo gizarteen ekoizpen- eta kontsumo-moduek oso mendetasun handia dute jatorri fosileko energiekin (petrolioa, gasa, ikatza,…), eta mendetasun horrek planetaren oreka hausten duen isuri-bolumen handia sortu du.

Eguzkitik datorren erradiazio infragorria da gure planetara iristen den energiaren iturri nagusia.  Energia hori Lurreko azalera iristen denean,  zirkulazio atmosferiko eta ozeanikoek birbanatu egiten dute, eta geroago espaziora itzultzen da. Jasotako eta itzulitako erradiazioen arteko orekak ahalbidetzen du biziarentzat egokiak diren baldintzei eustea. Berotegi-efektuko gasen kontzentrazioen igoerak murriztu egiten du espaziora irradiatzen den energiaren kantitatea, eta horrek gehiago berotzen ditu barneko eta azaleko atmosferak. 

Badira berotegi-efektuko gas ugari; horietatik, sei gas araututa daude klima-aldaketari buruzko nazioarteko araudian (Kyotoko protokoloa). Horietatik, karbono dioxidoa (CO2) da ugariena; dena dela, garapen maila txikiagoko ekonomietan oso rol garrantzitsua jokatzen dute metanoak (CH4) eta oxido nitrosoak (N2O) ere. Gas fluordunak  (hidrofluorokarbonoak, sufre hexafluoruroa eta perfluorokarbonoak) industria kimiko berriari lotuta daude, eta haien isuriak beren ekoizpen edo kontsumo puntuetan kontzentratzen dira. Bigarren betearazpen-aldiak  (Kyoto-ostekoa deitzen zaio) nitrogeno trifluoruroa (NF3)  ere sartzen du bere araudian. Beraz, sei gas historikoki daude araututa, eta zazpigarrena Kyotoren osteko aldian arautu da.

 

Orokorrean, berotegi-efektuko gasek denbora luzez irauten dute atmosferan, eta, hortaz, haien efektuak oso denbora-tarte luzean mantentzen dira bertan. Isuriak denbora luzez metatzen dira atmosferan, eta horregatik beharrezkoa da isuriak drastikoki murriztea, berokuntza globala ez dadin 2ºC-tik gorakoa izan.

Beharrezkoa da isuri globalak murriztea, 1990 urteko mailen azpitik jartzeko. Hori denbora-tarte laburrean lortu behar da, eta geroago murrizten jarraitu behar da etengabe, CO2 atmosferikoaren kontzentrazioa egonkortzera iritsi arte, horixe baita azkeneko helburua.  

Hirugarren munduko herrialdeetako jarduera ekonomikoaren hazkundeak isuri atmosferikoen igoera ekarriko du berekin, herrialde garatuetan gertatu den bezala. Horregatik, isurien egonkortzea herrialde bakoitzaren garapen mailaren araberakoa izan behar da.  Horrenbestez, herrialde aurreratuek gehiago murriztu behar dituzte beren isuriek, maila berean ez daudenak garatu ahal izan daitezen eta isurien osoko zifra nazioartean adostutako murrizketa mailara iritsi dadin.

Azken aldaketako data: