Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila

Lurzorua

Lurzorua baliabide naturala eta habitata da. Gizakiaren denbora-eskalan baliabide ez-berriztagarritzat hartzen da.

Lurzorua lurraren azal solidoaren eraldatze-geruza da, habitat biologikoaren bizitzaren eta ingurugiro-baldintza berezien eraginpean osatua, eta etengabeko urtaro-aldaketaren eta garapen bitxiaren menpe eratua, bere kokaleku geografikoaren arabera. Jatorrizko ingurune arrokatsuaren gainean (arroka amaren gainean) gertaturiko prozesu fisiko, kimiko eta biologikoen emaitza gisa sortu da; prozesu-multzo horri orokorrean meteorizazio deitzen zaio.

Meteorizazioaren fenomeno indartsuenak lodiera mugatuan gertatzen dira, azalaren lehen bi metrotan, jarduera biologikoa kokatzen den lekuan. Meteorizazioaren ezaugarriak eta, beraz, lurzoruaren eboluzioa baldintzatzen dituzten faktoreak klima, topografia, organismo biziak, arroka ama eta igarotako denbora dira. Emaitza lurzoruaren profil bat sortzea da, hau da, bere sorreran esku hartu duen faktore-multzoa adierazten duen geruza horizontalen segida tipikoa.

Bere konposizioaren ikuspuntutik, lurzorua material konplexua da, solidoz (materia minerala eta materia organikoa), likidoz (batez ere ura, zenbaitetan haitzen osagai izaten baita) eta gasez (airea eta ur-lurruna, nagusiki) osatua. Era berean, gasek eta likidoek matrize solidora erants daitezkeen substantzia disolbatu edo esekiak izaten dituzte.

Lurzoruaren sorrera guztiz prozesu mantsoa da. Lurzoruaren 30 cm-ko geruza osatzeko 1.000 eta 10.000 urte bitartean behar dira. Ikuspuntu horretatik, lurzorua berriztagarria ez den baliabidetzat jo behar da eta, beraz, babestu egin behar da.

Lurzoru-talde desberdinak sorrarazten dituzten aldagai ugari eta garrantzitsuak daude. Ildo horretatik, FAO-UNESCOk ezarritako Sailkapen Gakoak lurzoruen 26 unitate eta 103 azpiunitate bereizten ditu guztira. Aipatu behar da lurzoru-unitate horien ia erdiak Euskal Autonomia Erkidegoan aurki daitezkeela, oso maila desberdinetan bada ere.

Urteetan zehar lurraren azalean egindako giza jardueraren ondorioz, kontzeptu berria asmatzeko premia sortu da, lurzoru artifizialaren kontzeptua hain zuzen; lurzoru artifiziala lurzoru naturalari materialak gaineratuz lortzen da. Materialen jatorria era askotakoa izan daiteke; material naturalak izan daitezke (buztinak, legar heterometrikoak, etab.), ala material artifizialak (eraikuntzako zaborrak, fabrikazio-prozesu askotako hondakinak, adibidez, zepak, etab.).

Lurzoru-mota hau sorrarazi duen arrazoi nagusia euskal orografia malkartsua da, giza kokalekuak eta ondorengo jarduerak errotik baldintzatu baititu. Ibaietako bailaretan kokaturiko populazioa hazten zihoan, eta padura-guneak eta uholde-lautadak betetzeko premia sortu zitzaion, hau da, egoera naturalean urteko zatirik handiena urez beterik ematen zuten guneak bete behar izan zituen bere jarduerak egiten jarraitu ahal izateko. Hori gertatu da lurzoru-zati egonkor handiak behar dituzten industria-instalazio nagusi gehienetan.

 

Habitat eta euskarri biologikoa

Lurzorua, ura, airea eta eguzkiaren argiarekin batera, lurreko sistema ekologikoen bizitzaren oinarria da. Lurzoruak habitat ekologikoa eskaintzen die organismo eta mikroorganismo ugariri eta, gainera, erreserba genetikoa da. Gizakiek egindako jarduera gehienen abiapuntua eta helmuga da.

Lurzoruaren kalitatea okerragotu egiten bada, normalean biodibertsitatea ere murriztu egiten da, eta horrek espezieak eta ekosistemak galtzea dakar, eta sarri atzerabiderik gabe.

Ziklo naturalaren osagaia

Lurzorua protagonista aktiboa da naturaren orekan ezinbesteko garrantzia duten ziklo kimikoetan. Izan ere, ekosistemen barruan erregulazioko zeregin nagusiak betetzen ditu.

Uraren zikloan, urak funtsezko lekua betetzen du. Euriaren bidez lurzorura iristen den urak zeharkatu egiten du, azaleko isurketa gisa nahiz lurpeko korronte gisa, edo zuzenean ebapotranspirazioko edo transpirazioko fenomenoen bidez.

Lurzoruak protagonista nagusi gisa betetzen duen beste zeregin garrantzitsu bat landareentzat eta lurzoruko mikroorganismoentzat elikagarriak diren substantziak sortu eta garraiatzea da. Lurzoruak karbono, sufre, nitrogeno eta fosforoaren zikloetan esku hartzea ezinbestekoa da ekosistemen oreka gordetzeko.

Gizakiak lurzoruan esku hartzeak ziklo biogeokimiko horiek alteratu egiten ditu, eta arazo ekologiko globalak sorrarazten ditu. Uraren zikloan, esate baterako, eragin handiena duen gizakiaren alterazioa eragindako desertizazioaren fenomenoa dela uste da, ebapotranspirazioa ezeztatu egiten baitu, eta euri-erregimenean eragina du.

Elementu iragazlea, indargetzailea eta eraldatzailea

Lurzorua iragazle eta indargetzailea den aldetik, substantziei mekanikoki eusteko edo adsortzioaren bidez finkatzeko ahalmena du. Ahalmen hori erabakigarria da lurpeko eta azaleko urak sar daitezkeen eragile kaltegarrietatik babesteko, bai eta eragile horiek elikadura-ziklora transmititzea eragozteko ere: landareak, animaliak eta gizakiak.

Horrez gain, lurzoruak zenbait konposatu organiko eralda ditzake, deskonposatuz edo haien egitura aldatuz, eta ondorioz substantzia ugari mineralizatzea lortzen da. Lurzoruak eragile kimikoen eraginak konpentsatzeko duen ahalmena, ordea, mugatua da; ahalmen hori hondatzeak lurzoruaren funtzio natural garrantzitsuak murriztu edo erabat geldiarazi egin ditzake. Metatzeko duen ahalmena gainkargatzen bada, lurzorua substantzia kimiko eta poluitzaileen foku igorle bihurtuko da, eta substantzia horiek lixibiatu eta urei eragin egingo diete.

Lehengai ez-berriztagarrien hobiak

Lurzorua lehengai ez-berriztagarrien iturria da; alde batetik, eraikuntzarako ezinbesteko garrantzia duten mineral ez-metalikoen iturria da (harria, marmola, kareharria, igeltsua, arbelak, hareak). Beste aldetik, mineral metalikoen iturria ere bada (blenda, galena, siderita, pirita) eta, azkenik, baita ikatza bezalako erregai fosilen iturria ere. Hobien ustiapen arrazional eta jasangarriak lurzoruko baliabideak babesten laguntzen du.

Bizkaian meatze-inguru nagusia batez ere Enkartazioetan kokatu zen. Zeru zabaleko ustiapenak ziren, nagusiki helburua industria siderurgikoa zuten burdina-mineralenak. Gipuzkoan ez dago meatze-inguru zehatzik, ustiategi barreiatuak dira eta gehienetan mineral-zainak ustiatzen dira. Arditurri meatzea zaharra izateagatik nabarmendu behar da, erromatarrek jada ustiatzen baitzuten. Araban meatze-ustiategi garrantzitsuak egon dira, eta aipagarriena Gesaltzakoa da, desberdina delako.

Gaur egun meatze-ustiategi hauek instalazio inaktiboak dira, baina haien inguruan erauzketa-jardueraren arrasto ugari geratu dira, eta arrasto horiek higadurako prozesu garrantzitsuak, poluzio hidrikoa eta ingurugiroaren eta sistema biotikoen degradazioa sorraraz ditzakete.

Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoan zeru zabaleko mineral ez-metalikoen meatze-ustiapenek, hau da, harrobiek garrantzi handia izan dute. Instalazio horietako asko oraindik martxan daude. Horrek ingurugiroan izan dezakeen eragina da ingurune naturala deuseztatu egiten dela, eta ondorio deigarriena paisaiaren deuseztatzea da.

Lehengai berriztagarrien iturria

Elikagaien, bazkaren eta beste lehengai berriztagarrien produkzioaren zatirik handiena lurzoruari, mantenugaien, airearen eta uraren hornidurari, eta bere euskarri-funtzioari lotuta daude. Nekazaritza-sektorearen jarduerak orokorrean (nekazaritzak, abeltzaintzak eta basogintzak) Euskal Autonomia Erkidegoaren guztizko azaleraren % 85,21 erabiltzen du.

Gaur egun, Euskal Autonomia Erkidegoa zuhaitzez estalitako azaleraren ehuneko handiena duen autonomia-erkidegoa da, bere lurraldearen % 54 estaltzen baitu. Laborantzako lurrek guztizko azaleraren % 20 hartzen dute, eta Araban garrantzi handiagoa dute, % 45 hartzen baitute.

Aipatu beharrekoa da nekazaritza intentsiboko egungo jarduerak eta ongarrien gehiegizko erabilera direla ingurugiroari dagokionez jasangarria den nekazaritzaren etsairik handienak, higadurarekin eta trinkotzearekin batera.

Etxebizitzen kokalekua eta azpiegiturak

Lurzorua azpiegiturak –etxebizitzak, industria-eraikinak, errepideak, aisialdiko eremuak, hondakinak uzteko eremuak- garatzeko ingurune fisikoa ere bada. Lurzoruaren ezaugarri fisiko, kimiko eta mekanikoek hein handian baldintzatzen dute azpiegitura horien bideragarritasun tekniko eta ekonomikoa.

Eraikitako eremuek autonomia-erkidego honetako lurraldearen % 5 inguru hartzen dute, eta Europan % 2 besterik ez. Euskal orografia malkartsuaren ondorioz, biztanle gehienak dentsitate handiko hirigune gutxi batzuetan pilatzen da.

Industria-instalazioek lurraldearen zati handi bat hartu izan dute betidanik. Askotan hirietan bertan egon ohi ziren, edo agian zuzenagoa izango litzateke hiriak industria handien inguruan hazi zirela esatea. Etengabe hazten ari den urbanizazioak eragindako azaleraren zigilatzearen eta trinkotzearen ondorioz, lurzoruek oxigeno gutxiago eskura dezakete eta, beraz, lurzoruen jarduera biologikoa ere murriztu egiten da.

Artxibo historikoa

Lurzoruak bere historia ebolutiboaren arrastoak gordetzen ditu, bai eta gizakiak lurzoruan izan dituen eraginen arrastoak ere. Naturaren eta kulturaren artxibo historikoa da eta, beraz, kontserbatzea ezinbestekoa da.

Euskal Autonomia Erkidegoan arrasta arkeologiko ugari daude; kultura-ondare horrek aurreko garaietako bizimoduari buruz datu ugari ezagutzeko aukera ematen digu, eta gure inguruneak jasan duen prozesu ebolutiboa ulertzen laguntzen digu. Hasi Euskal Herriko lehen biztanleek Paleolitikoan leize-talde txiki batean (Ekain Gipuzkoan eta Santimamiñe Bizkaian, besteak beste) egindako haitzuloetako artetik, eta oraindik asko ez dela, mende hasierako fabrika zaharretan utzitako arrastoetara, lurzorua iragandako denboraren lekuko isila da.

Giza kokalekuen eta azpiegituren gehitzeak, batez ere industria eta garraiorako, hondakinen isurketak, mineral-erauzketak eta nekazaritza intentsiboak, besteak beste, presio handia egin izan dute eta egiten dute lurzoruaren sistemarengan.

Lurzoruaren degradazioa lurzoruek bere berezko funtzioak betetzen jarraitzeko duten egungo edo etorkizuneko ahalmena murrizten duen prozesu degeneratiboa da. Hori arrazoi naturalengatik nahiz arrazoi antropikoengatik gerta liteke.

Azken aldaketako data: