Eusko Jaurlaritza - Gobierno Vasco

Ingurumen eta Lurralde Politika Saila

Euskadi.eusen sartu

Hasiera

Hemen zaude:
  1. Hasiera
  2.  
  3. Ingurumena
  4.  
  5. Urdaibai
 
  • Facebook
  • Twitter
  • Blog
  • TouTube
  • Issuu
  • Google+

Matxitxako lurmuturreko zetazeoak eta itsas-hegaztiak behatzea

Matxitxako lurmuturra itsas hegaztiak eta zetazeoak behatzeko Euskal Herriko tokirik onena da, baita Kantauri isurialdeko onenetarikoa ere. Bizkaiko Golkoan kokatua dago eta plataforma kontinental estu bat du ezaugarri nagusi; azkar batean sakonera handiak hartzen dituena, eta kostaldetik milia gutxira, Cap Bretoneko arroilan 4.000 m baino gehiagoko sakonerara hel daitekeena. Halaber, bertoko itsaslasterren sistema bereziek hamaika itsasoko espezieentzat aberastasun handiko eremua bilakatzen dute lurmuturraren kokapena.

Zetazeoen behaketarako munduko toki onenetariko bat da Bizkaiko Golkoa. Bertan 24 zetazeo-espezie antzeman dira, baina horietatik batzuk baino ez dira ohikoak; eta jakina, kostaldetik gutxi batzuk besterik ezin daitezke begiztatu; adibidez,  Cuvier moko-balearen edota zeroi arruntaren kasuan bezalaxe, habitata itsaspeko arroiletan dute-eta. Kostaldetik begiztatu daitezkeenen artean baleak edo mistizetoak (zetazeo “bizarduna”) aipatu daitezke: zere txikia, zere arrunta edo xibarta; eta hainbat izurde-espezie edota odontozeto (haginez hornitutako zetazeoak), besteak beste: mazopa, izurde arrunta, izurde marraduna, izurde handia, izurde muturmotza, pilotu-izurde hegaluzea edo orka izugarriak.

Urte osoan behatu daitezke, baina hilerik aproposenak urtarrila eta otsaila dira, izurde talde handiak berdel multzoei segika kostaldera hurbiltzen direnean; era berean, migrazio garaian, udan eta udazkenean, hainbat espezie Golkoan sartzen direnean. Behaketarako, pazientzia handiaz izateaz gain, haize gutxi eta itsaso barea behar da, eta edozein seinaleri adi egotea, olatuei, distirei, elikatzen ari diren itsas hegaztiei edo, duda barik, zetazeoaren hegalari edo putz egite nahastezinari, eta, printzipioz, ez dago ordutegi egokirik.

Itsas hegaztien kasuan lez, zetazeoak behatzeko tresnarik egokiena 20x60 handiagotzeko lur-teleskopioa edota 8 eta 12 arteko handiagotzeko prismatikoak dira. Halere, horiek izan ezean, askotan nahikoa da adi egotea zetazeoak lurmuturretik hurbil baitaude.

Ba al zenekien ...

  • ... zetazeoek lotan, garun erdia esna eta guztiz kontziente dutela arnasa hartzen jarraitzeko? Izan ere, gainontzeko ugaztunek ez bezala arnasketa ez da berezko ekintza bat,  eta, alertan egon behar dute zor daitezkeen arriskuei aurre egiteko.
  • …Cuvier moko-baleak (Ziphius cavirostris) 137,5 minuturekin eta 2.992 metroko sakoneran birikez baliatutako sakonera handiko urpekaritzan marka duela?
  • …zeroi arrunta (Physeter macrocephalus), izurde mota, nahiz eta, neurri handikoa izan,  2.500 metroko sakoneratan sartzen dela txibi erraldoiak jateko?
  • …zere arrunta (Balaenoptera physalus) planetako bigarren animaliarik handiena dela, Bizkaiko Golkoan dagoen zere edo bale urdinez (Balaenoptera musculus) bakarrik gainditua?

Zein espezie ikus dezakezu?

 

Lurmuturraren parean kontaezinak dira bertotik ikusi daitezkeen itsas hegazti-espezieak; urte osoan bertan dauden kaio hankahoria, zanga edo ubarroi mottodunetik hasi,  hainbat gabai-espezie, ubarroi, marikoi, txenada, aliota, anatido eta itsas-zangaluzeak edo beste kaio-espezietara arte. Horretaz gain, lurmuturrean lurreko hegazti ugari aurkitu daitezke, besteak beste belatz handia eta uretako hamaika hegazti, horien artean: zangaluzeak, anatidoak, lertxunak edo mokozabalak.

Aintzat hartuta gure kostaldean urriak direla itsas hegazti ugaltzaileak, itsas hegaztiak behatzeko sasoirik onena udan hasi eta negura arte luzatzen da, eztei-osteko eta negu-aldiko pase-garaian, ipar-mendebaldeko eta iparreko ekaitzak gogor jotzen duten egunetan bereziki. Udaberrian eta uda hasieran, aldiz, migrazioa urria da eta itsas hegaztien behaketa ere bai. Egunaren lehenengo orduak dira onenak horiek behatzeko, eta bigarren maila batean, arratsaldeko azkenak.

Ba al zenekien ...

  • …Kantauri osoko ekaitz-txori txikiaren (Hydrobates pelagicus) koloniarik garrantzitsuena Aketx uhartean dagoela, Matxitxako lurmuturraren ezkerraldean?
  • ...ubarroi mottoduna (Phalacrocorax aristotelis) arrainak jaten dituen eta ur-azpian 80 metroko sakonerara arte igeri egin dezakeen kostako hegazti hutsa dela?
  • …zangak (Morus bassanus) aurkitu ditzakeela bere harrapakinak 45 metroko garaiera maximo batetik eta horiek harrapatzeko, inolako arazo barik, gain behera etortzen dela 100 km/h -ko abiaduran uraren kontra talka egin arte?
  • …udazkenean, gabai handiak (Puffinus gravis) eta gabai ilunak (Puffinus griseus) ugaltzeko egiten duten Hego Atlantikorako bidean  20.000 kilometro inguruko distantzia betetzen dutela eta bidean gure kostaldea zeharkatzen dutela?

Zein espezie ikus dezakezu?

iNaturalist.org
 


 

Azken aldaketako data: 2014/09/10
Euskadi, auzolana