Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila

Ingurumen-hezkuntza - Basoak

Ibai-ertzetan sustraitutako zuhaitzek uholdeetatik babesten gaituzte 

Basoan bizitza bor-bor dago; edozein unetan ikusiz gero ere, eguneko edozein momentutan eta edozein urtarotan, loreen kolorea, soinuak, animalien joan-etorriak ... beti desberdinak izango dira.

Hainbat espezietako zuhaitzak ez ezik, beste landare-mota batzuk ere badaude basoan, hala nola sasiak eta belarkiak. Bi azken horiek oihanpea delakoa sortzen dute. Gainera, ekosistema hori osatzen, landareei esker animalia-aniztasun handia aurki dezakegu: intsektu txikiak nahiz hegazti handiak, baita tamaina handi eta txikiko ugaztunak ere. Horiek guztiek izaera bereiziz janzten dute basoa.

Jakin behar dugu basoek eginkizun garrantzitsua betetzen dutela, nahiz eta batzuetan ez den horren erraza antzematea. Adibidez, mendi-magaletan lurzorua galtzea ekiditen dute eta mantenugaiei eta uraren zikloari eusten diote mantentzen dute.

Zuhaitzen erroak gogor finkatzen dira lurzoruan; hala, eutsi egiten diote eta euriteetatik eta haizeteetatik babesten dute. Malda handietako eta ibai-ertzetako basoek babestu egiten gaituzte; eginkizun hori begi-bistakoa ez bada ere, gure bizitza-asegurua da.

Horretaz gain, basoek, sustrai luzeen bidez, mantenugai asko xurgatzen dituzte lurraren sakoneratik, hala nola nitrogenoa eta fosforoa. Horri esker, mantenugaiak errazago hartu eta hosto, adar eta enborraren egitura osatzen dute: biomasa deritzona, alegia. Hostoak, adarrak eta enbor zaharrak erortzen direnean, mantenugaien zati bat lurzorura itzuli eta materia organikoa metatzen da; apurka-apurka usteldu eta geroago berriro ere xurgatuko dute landareek. Horri esker eusten zaio mantenugaien eta basoko bizitzaren zikloari. Lurzoruari begiratuz gero, animalia txiki ugari ikusiko ditugu, baina badira ikusten ez ditugun beste asko ere, birziklatze-lanean. Ziklo hori etenez gero, basoak arazo latza izango luke, mantenugaiak agortu egingo lirateke eta.

Gure gizarteko arazo askori irtenbidea bilatzeko ekosistema naturalei, adibidez basoari, erreparatu beharko genieke. Joka dezagun naturaren zikloak bezala!

Basoek badute eginkizun gehiago, baina: planetaren uraren zikloa erregulatzen eginkizun garrantzitsua betetzen dute. Landareak transpiratzen duten ura tanta txikietan pilatzen da hodeiak sortuz; haizeak hodeiak eramaten ditu, eta hozten direnean, beste inguru batzuetan euria egin eta lurzorua bustitzen dute. Horixe da uraren zikloari basoek egiten dioten ekarpen handiena. Zer gertatuko litzateke masa berde horrek guztiak transpiratuko ez balu? Eurien erritmoa eta kopurua aldatu egingo litzatekeela eta zaila izango litzatekeela hori berreskuratzea.

Baina basoa ez da argazki mugiezina; dinamikoa da, nahiz eta astiro-astiro aldatu: ez da erraza belaunaldi bakar batean harizti edo pagadi baten aldaketa igartzea. Zuhaitz zaharrak hiltzen direnean ikus dezakegu denboran zehar ekosistema nola aldatzen den: haien ordez beste berri batzuk sortuko dira hazietatik...

Muskilek, hain zuzen, lurzorutik eskuratuko dituzte hazteko behar dituzten mantenugaiak.

Baso-paisaia garrantzitsua izan da gizateriaren historian, eta gaur egun ere bizitza garatzeko ezinbesteko gunea da. Ezagutu eta zain dezagun basoek dakarkiguten aberastasun natural hori, eta geure ongizatea hobetzen lagunduko dugu..

Miren Onaindia
Euskal Herriko Unibertsitateko Ekologiako Katedraduna

 

URA ERREGULATZEN DUTE

Baso-multzoek euri-ura gordetzen dute. Horri esker, zorupera pasatu eta ibaiak betetzea errazten dute. Gainera, uraren abiadura murriztu eta lurrari eusten diotenez, erosioa gutxitu eta uholdeak izateko arriskua urritzen dute.

KLIMAN ERAGITEN DUTE

Inguru kontinentaletan, aireko hezetasunaren % 50etik gora landareen hostoek transpiratzen duten uretatik dator. Basoak edo oihan zabalak mozten direnean, klima geroz eta lehorragoa bihurtzen da.

ATMOSFERAKO C02 XURGATZEN DUTE

Landare guztiekin gertatzen den bezala, fotosintesi-prozesuan zuhaitzek atmosferako CO2 xurgatu eta O2 itzultzen dute. Gaur egun eginkizun hori are garrantzitsuagoa da, gizakiaren jardueraren ondorioz sortzen diren gehiegizko isurien eragin negatiboak, hau da, berotegi efektua, gutxitzen laguntzen dutelako. Basoak Lurraren 'birikak' direla esan ohi da.

ESPEZIE ASKOREN ERRESERBA DIRA

Baso naturalek habitat desberdin asko gordetzen dituzte euren baitan eta, ondorioz, era guztietako izaki bizidunak aurki ditzakegu. Horregatik esaten da basoak, eta batik bat oihan tropikala, biodibertsitatearen erreserba nagusiak direla.

EGINKIZUN ARAZTAILEA DUTE

Basoetako izaki bizidunek atmosferako eta uretako hainbat elementu kutsatzaile atxiki eta iragazi egiten dituzte. Gure zibilizazioak sortzen dituen zarata eta asaldura ere kutsagarriak direla jotzen badugu, basoak bake eta atseden-guneak dira pertsona askorentzat.

BEHARREZKO MATERIALAK

  • Plastikozko ontziak (tetrabrik, poto, botila...)
  • Haziak (ezkurrak, gaztainak, pagaziak...)
  • Lurra

PROZESUA

Landare-ontziak prestatzea

Aurrena, 20 cm-ko goieran ebakiko ditugu ontziak (landarea urtebetez edo biz kontserbatzeko bezain handiak izan behar dute). Hurrena, zulotxo batzuk egingo dizkiegu hondoan, gehiegizko ureztatze-urak ihes egin dezan eta haziak ustel ez daitezen. Trikimailu on bat: hartxintxar edo hondar pixka bat jartzea hondoan, lurra bota aurretik.

Haziak biltzea

Egin dezagun txango bat landara, haziak biltzeko. Ahalik eta kalitaterik onenekoak izan behar dute.

Baina, zer egin dezakegu basoen alde?

Ekimen xume bat aurkezten dugu jarraian. Erraz gauza daiteke ikastetxeetan eta etxean.

Ereintza

Beren tamaina halako 1,5eko sakoneran eta lurrera erortzean gelditzen diren eran kokatuko ditugu haziak.

Ureztatzea

Ura bota behar da, baina gehiegi ere ez ditugu ureztatu behar landareak. Lurra heze atxikitzea da kontua.

Hazkundea

Zuhaitzaren hazkundearen lekuko bihurtuko gara. Prozesu hori udaberrian izango da bereziki zirraragarria, eta ontzia handiago batez ordeztu beharko dugu, landarearen tamainak hala eskatzen duenean.

Aldatzea

Gure landareek urte bat edo bi dutenean, 'Zuhaitzaren Eguna" aprobetxa dezakegu haiek landan aldatzeko. Prozesu hori arrakastaz amai dadin, aholkulari on batzuei galdetu behar diegu: ea noiz, nola eta non kokatu behar ditugun geure zuhaitzak, betirako.

Azken aldaketako data: