Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila

A&B Laboratorios, Energy Revival, Gerdau, Iberdrola, Ingeteam, ITP eta Udapa, Enpresentzako Europako Ingurumen Sarien irabazleak Euskadiko Atalean

2016.eko martxoak 15

  • Iñigo Urkullu: “klima-aldaketak, baliabideen urritasunak eta hondakinen sorrera eta geroagoko kudeaketak ekonomia- eta ekoizpen-eremu berria determinatuko dute mundu osoan”.
  • Ana Oregik azpimarratu du “Industriaren rol garrantzitsua Euskadik azken 30 urteetan izan duen ingurumen-hobekuntzan”.

 

A&B Laboratorios, Energy Revival, Gerdau, Iberdrola, Ingeteam, ITP eta Udapa enpresek irabazi dituzte Enpresentzako Europako 2016ko Ingurumen Sariak, Euskadiko Atalean. Horri esker, esan daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko “enpresa aurreratuenak direla ingurumenaren alorrean”, kudeaketa, produktu, prozesu eta garapen jasangarrirako lankidetzaren eremuetan.

Iñigo Urkullu Lehendakariak eta Ingurumen eta Lurralde Politikako Sailburu Ana Oregik Enpresentzako Europako 2016ko Ingurumen Sariak banatu dituzte gaur arratsaldean, Euskadiko Atala irabazi duten enpresen artean. Sariak banatzeko ekitaldia Lehendakaritzaren Gasteizko egoitzan izan da, euskal sektore industrialeko ehun bat ordezkariren aurrean.

Iñigo Urkulluren esanetan, “klima-aldaketa, baliabideen urritasuna eta hondakinen sorrera eta geroagoko kudeaketa dira ekonomia- eta ekoizpen-eredu berria mundu osoan determinatuko duten” gai nagusiak. Europar Batasunean, sortzen ditugun hondakinen % 60 ez da birziklatzen, ezta konpostatu edo berrerabili ere egiten. Nolabait, gure aberastasuna zaramara botatzen ari gara”, adierazi du Lehendakariak.

Ana Oregi Sailburuak, berriz, bere hitzaldian azpimarratu du “industriak jokatu duen rol garrantzitsua Euskadik azken 30 urteetan izan duen ingurumen-hobekuntzan. Euskal industriak ahalegin handiak egin ditu ingurumenaren alorrean”.

Oregi sailburuak gogoratu du “ehun enpresa baino gehiago aurkeztu direla sari hauetara, Euskadiko atalean, 2002an aurreneko aldiz antolatu zirenez geroztik.” “Guztira –zehaztu du Ana Oregik-, euskal hautagaitzak estatuko atalean aurkeztu diren enpresa guztien % 20 baino gehiago izan dira, eta atal horretan emandako sari eta akzesiten % 25 baino gehiago eskuratu dituzte.

Sariak

Enpresentzako Europako Ingurumen Sarien deialdia lau kategoriatan egiten da –kudeaketa, prozesua, produktua eta zerbitzua, eta nazioarteko lankidetza-, eta horiei gehitzen zaizkie irabazleen artean ematen diren bi kategoria berezi: “biodibertsitatea” eta “lehiakortasuna eta merkatua”.

Kudeaketaren alorrean, Europako Ingurumen Saria A&B Laboratorios de Biotecnología eta Industria de Turbopropulsores ITP enpresentzat izan da, beren ingurumen-kudeaketarako sistema aurreratuengatik.

Produktu eta zerbitzuaren kategorian, Europako Ingurumen Sariaren irabazlea Energy Revival izan da, hots, orain dela gutxi eratutako enpresa bat, bateriei bigarren bizitza ematea lortzen duena, horien ingurumen-inpaktu handia saihestuz; saria Ingeteam enpresarekin konpartitzen du. Enpresa horrek energia berreskuratzeko sistema bat sortu du trenbide-sektorearentzat, CO2 isuriak murriztea ahalbidetzen duen sistema bat, hain zuzen ere.

Prozesuaren kategorian, Gerdau enpresa izan da sariduna. Bere ekonomia zirkularreko proiektuarekin, magnesitaren moduko material kritikoen erabilera murriztu du.

Beste alde batetik, Udapa enpresa arabarrak irabazi du nazioarteko lankidetzaren kategoria, Kongon gauzatzen ari den enpresa-lankidetzako proiektu bati esker. Proiektuaren printzipioak “ekitatea, gardentasuna eta elkarrentzako onura” dira. 

Gainera, Iberdrola, Eroski eta Irizar enpresek akzesit bana lortu dute kudeaketa, prozesu eta produktuaren kategorian, hurrenez hurren.

Kategoria Bereziak

Sari hauen 2016ko edizioak bi kategoria berezi ezarri ditu: “Biodibertsitatea“ eta “Lehiakortasuna eta Merkatua”; lehenengo kategoriako sariduna Iberdrola izan da, biodibertsitatearen kontserbazioari eta erabilera jasangarriari egindako ekarpenagatik; bigarren kategoriako irabazleak, berriz, Ingeteam eta Energy Revival izan dira.

 Europako Ingurumen Sarien Euskadiko atalean 24 hautagaitzak parte hartuko dute. Horiek guztiak berriro lehiatuko dira, estatuko gainerako erkidegoetako enpresekin batera, sari horien estatuko fasean, datorren ekainean. Bukatzeko, Madrilen irabazten duten enpresak Europar Batasuneko gainerako estatuetako enpresekin lehiatuko dira urrian, Tallinnen (Estonia).

Sariaren epaimahaiaren burua Iosu Madariaga izan da, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuordea, eta epaimahaikideak erakunde hauetako ordezkariak: Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioko Biodibertsitate Fundazioa; ACLIMA, Ingurumen Enpresen Kluster Elkartea; Confebask patronala; Degebesa Garapen Agentzia; Orkestra, Lehiakortasunaren Euskal Institutua; SPRI sozietate publikoa; eta UNESCO Etxea.