Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila

Ingurumen-hezkuntza - Teknologia eta jasangarritasuna

Ingelesez

Mundu hobeago batean bizitzeko xedez, gizakiak beti izan du garatzeko eta gauza berriak sortzeko premia, baina batez ere gaitasuna. Gure aiton-amonen garaitik hona, aldaketak askotarikoak izan dira, esparru anitzetan gainera.

Hezkuntza ez da salbuespena. Eusko Jaurlaritzak, esate baterako, Eskola 2.0 egitasmoa abiatu zuen 2010 urtean, eta orduz geroztik, teknologia berriak ikastetxe guztietako gelatan sartu dira.

Hezkuntzan iraultza txikia ekarri dute, baliabide interesgarri ugari eskaini dituztelako –kasu askotan doakoak– eta lana egiteko metodologia berriak ahalbidetu dituztelako.

Positibotik negatibotik baino gehiago izan du ezarpen horrek. Baina badira kontuan hartu beharreko bi erpin. Bat: jolas-makinek, tabletek, ordenagailuek edota mugikorrek ikasleen –gizakien, espektroa zabaltzen badugu– aisialdia guztiz eraldatzeko arriskua dute. 

Bi: teknologia berri horien sorkuntza prozesuak eragin dezakeen ingurumen kaltea. Ekoizleek jasangarritasun printzipioak aintzat hartu beharko lituzkete, kalitatea, ekonomia edo produktibitate parametroekin batera.

Jasangarritasunerako Hezkuntzaren Konpetentzia Profesionalak

Jasangarritasunerako Hezkuntza (JH) eraldaketa sozial jasangarri baterako hezkuntza-sistema ari da eskatzen orain dela hainbat hamarkadatatik. Hezkuntza-sistema horrek hausnarketa kritikoa eta balio argiak akuilatuko lituzke, pentsamendu sistemikoa bultzatuko luke eta berritzailea eta eraikitzailea izango litzateke, kulturalki egokia eta ekintzara bideratua.

Horretarako hezkuntzako hainbat testuingurutan JHren presentzia erraztuko duten erreminta kontzeptualez eta metodologikoz hornitu behar dira hezkuntza eragile guztiak.

Lehen Hezkuntzako graduko Irakasle Eskolako 3. Mailako 32 ikasleko talde batek erantzun duen galdetegi baten bidez egindako ikerketa batek adierazten du etorkizuneko irakasleek balio argiak izatea, eta erabakiak hartzeko, parte hartzekoa zein aldaketarako ekiteko gaitasuna  nabarmentzen dituztela.

Aitzitik, ez dituzte aintzat hartzen etorkizuneko eskenatokiak, pentsamendu kritikoa, diziplinen arteko elkarrizketa eta emozioen zein kezken kudeaketa –Jasangarritasunerako Hezkuntzaren oinarrizko konpetentzia profesionalak–.

Mundu justuago bat eraikitzeko herritarrak hezteko konpetentziak esan nahi du gaitasun praktikoak, ezagutzak, motibazioa, balio etikoak, jarrerak eta emozioak eta beste osagai sozial zein jokabidezko batzuk bateratzea. Izan ere, horiek guztiak bateratu egiten dira testuinguru kultural eta hezkuntza-inguru jakin batean kokatzen den gizarte, ingurumen eta ekonomia mailako jasangarritasun erronkaren aurrean.

Konpetentzia horiek biztanleriaren bizitza kalitatea hobetzen eta hezkuntzaren bitartez gizarte eta etorkizun jasangarriago bat eraikitzen lagundu beharko lukete.

Definizio hori hobe dezakegu honakoa esanaz: ez garela konpetentzia bakarraz ari, baizik eta bizitza kalitatea hobetzen lagundu beharko luketen konpetentzien konstelazio batez.

Definizioaren zehaztapen ariketan hainbat konpetentzia profesional ezagutzen dira, eta horien bildumak indarra ematen dio JHren konpetentzia profesional globalari. Konpetentzia profesional horiek irakaskuntza-ikaskuntza prozesuan irakasleak bere jardun profesionalean JHren dimentsio bat txertatzeko garatu beharreko gaitasun moduan kontzeptualizatzen dira.

Proposatzen dugun konpetentzien markoa lau ekintza-mailatan gara daiteke: hezitzailea indibiduo gisa, hezitzailea hezkuntza-instituzioko kide gisa, hezitzailea gizarteko kide gisa eta hezitzailea munduko hiritar gisa.

Markoa ondoko konpetentziek taxutzen dute:

  • Etorkizuneko eskenatoki alternatiboak ikuskatzea: Ikasleengan hainbat etorkizun posibleren ulermena bultzatzeko gaitasuna izatea, eta irudikapenekin eta eskenatokiekin lan egitea, bide alternatiboak eta etorkizunerako aldaketak bilatuz.
  • Testuinguruan jartzea: Arazo edo ekintza baten hainbat dimentsio, dimentsio espaziala (bertakoa-globala) eta denboraren dimentsioa (lehena, oraina eta geroa) ikasleekin lantzeko gaitasuna izatea.
  • Konplexutasunarekin lan egitea eta bizitzea: Arazo baten dimentsio ekologikoak, ekonomikoak eta sozialak identifikatzeko eta elkarrekin erlazionatzeko gaitasuna izatea. Irakasleek eta ikasleek ziurgabetasuna onartzen dute eta eskolako ingurunean pentsamendu sistemikorako baldintzak sortzen dira. Esploratzen direnean eta hainbat egoeretan parte hartzen denean, era askotako zergatiei eta ondorioei begiratzeko gaitasuna sustatzen da.
  • Kritikoki pentsatzea: Hainbat egoeratan era askotako joerak errespetatzeko eta aitortzeko eta ezarrita dagoena zalantzan jartzeko pentsamendu kritikoa sustatzeko baldintzak sortzea eskola ingurunean. Kritika, iritzi edota gauzak ikusteko modu bakoitzaren azpian dauden susmoen gaineko gogoeta bultzatzea ikasleengan.
  • Aldaketarako erabakiak hartzea, parte hartzea eta ekitea: Ikasleengan kontzientziatik ekintzara igarotzeko, ardurak partekatzeko eta guztien artean egiten diren ekintzetan parte hartzeko gaitasuna sustatzea. Parte-hartzeak eztabaidatzeko, konponbideak aurkitzeko eta testuinguru jakin batean ekiteko motibazioa ematen du.
  • Balio argiak izatea: Irakaslea gai da jasangarritasunaren aldeko balio eta jokabide argiak bultzatzeko, ikasleen artean hausnarketa, elkarren arteko errespetua eta beste balio batzuen ulermena indartuz.
  • Diziplinen artean elkarrizketa ezartzea: Diziplinen arteko elkarrizketan oinarritzen den irakaskuntza eta ikaskuntza garatzea, ikuspegi integratzaile eta diziplinartekoarekin planteatuta.
  • Emozioak kudeatzea: Ikasleengan norbere emozioak, kezkak eta ezinegonak entzuteko gaitasuna sustatzea eta hori erabiltzea hainbat egoera eta arazoren ezagutza sakonagorako bitarteko gisa, erresilientzia garatuz. 
 

 

Gisela Cebrián, University of Southampton 

Begirada jasangarri bat teknologiari

Ohikoa da klima-aldaketa irudikatzeko lerroa erabiltzea. Teknologiaren historiako testuek hainbat “aurrerapen teknologiko” ezarri ohi dituzte ilaran. Bertan islatzen da mintzagai dugun hori (itsasontziak, txip bat prozesatzeko abiadura, garbigailuak…) hobetuz doala denbora igaro ahala, aurrera eginaz orainaldira iritsi arte. Orainaldia beti da puntu gorena, baina etorkizun hurbilak gainditu egingo du, ezinbestean. Aldiko tren azkarragoak aurkezten zaizkigu, motor eraginkorragoak, bereizmen hobea duten pantailak, arma suntsigarriagoak, albo-ondorio arinagoak dituzten sendagaiak… Hobekuntza lerro horietan arreta jarriz gero, alde batera uzten dira garapen teknologikoak dakartzan ondorioetako batzuk: kutsadura, ezberdintasunak, gaixotasunak, ekosistemen hondamendia, ohituren galera…

Gutxietsitako ondorio horien inguruan arreta deitzeko sortu zen jasangarritasuna, baita garapen teknologikoaren lerroek muga jakin batzuk gaindi ez zitzaten ere: hondakinak xurgatzeko, eta aterpea nahiz elikagaiak emateko inguruaren muga, eta gure moralarena, teknologiak eragiten duen kalteari galga jartzera bultzatzen baikaitu. Muga horiek ezartzeak, sarri, garapen teknologikoaren lerroetan aurrera egiteko ahalegintzen diren horiei aurka egitea esan nahi du, ez beti arrakastaz.

Alabaina, teknologikoa jasangarri egiteko beste modu bat ere bada, galga jartzearekin zerikusirik ez duena, ikuspegia aldatzearekin baizik. Begirada teknologikoak abstraktua izateko joera du (errendimendua, erabilera erraztasuna, kostua… ardatz duena). Modu bitxian, lerroen irudikapenak baztertu eta begirada puntu zehatzetan finkatzen denean, izugarri zabaltzen da. Eragin handiena lortu duten zientziaren, teknologiaren eta gizartearen ikerketek kasu zehatzetan jarri dute arreta. Begirada zehatzek oroitarazten dute teknologiak ez duela zertan hotsandikoa izan, nola bonba atomikoa hala erabili eta botatzen diren pixoihalak teknologia baitira, eta era berean, auzo bat, aran bat, eskualde bat edota planeta bat barne hartzeko adinako zabalak dira. Zehatza denak ez du zertan txikia izan, eta proposamen teknologiko jakin baten bertuteak eta arazoak hautematea ahalbidetzen du. Laborategian edo paper gainean, adibidez, zaborren erraustegi baten ezaugarri asko bat aurreikus daitezke. Baina erraustegia zehaztasunera ekartzen denean, ereduetan bildu gabeko gauza ezezagun asko agertzen dira, bere dimentsio osoan: erraustegiaren aurrean bizilagunek nolako erantzuna izango duten, inguruko baserri-ekoizpenari nola eragingo dion, tokiko irudia nola kaltetuko duen, nola nahasiko duen inguruko higiezinen balioa… Auzi horiek teknologikoa denaren jasangarritasun posiblea azaleratzen dute, eta horregatik, horiek ere hezkuntza teknologikoan txertatzea komeni da, gaian aditu diren hainbat pertsonak dagoeneko egiten duen moduan.

Jasangarritasunera irekitzeko, hezkuntza teknologikoak zehatza den horretarantz bideratu behar luke begirada eta garapenaren lerroen irudiaren ordez ekintza-puntu posibleen multzo handia erabili behar luke. Azken buruan, teknologia ez da joango guk eramaten dugun baino harago. Zehatzetik, kokatutako ikuspegi batetik behatzeak, haren ondorio guztiak hobeto begiztatzen lagunduko du, eta beraz, egiatan nahi dugun edo ez argiago bereizten. Desioen modulazio hori beldurra, norgehiagoka eta erretorika hutsa baino eraginkorragoa izan daiteke teknologia jasangarriak garatzeko.

 

Armando Menéndez Viso

Oviedoko Unibertsitatea

 

Gaur egun PlayStation, Wii, edota bestelako bideojoko teknologikoak dira umeen gustukoenak eta guraso askok uste ez bezala, joko hauek euren seme-alaben adimen garapena hobetzen dute eta tentsiopean erabakiak hartzen laguntzen diete.

Halere, ordu gehiegi pantailaren aurrean egotea kaltegarria izan daiteke eta umearen sedentarismoa areagotzeaz gain, beste pertsonekin harremanak sortzeko gaitasuna murriztu dezake.

Horregatik, komenigarria da beste joko alternatiba batzuk sustatzea, familiarekiko harremanak eta bere inguruko umeekiko sozializazioa sendotzeko.

Teknologiari esker gauza pila ikas daitezke, baina ikasketa prozesua aberasteko, zenbat eta kanal gehiago erabili, orduan eta hobe. Ume guztiek loreen usaina, animalien ilea eta zuhaitzen testura kontaktu zuzenaren bidez ezagutu beharra daukate. Eta ondoren, bizipen horren informazioa sakondu dezakete interneten bidez.

Hona hemen familian zein lagun taldean praktikatzeko teknologiarik gabeko hainbat joko eta praktika proposatuko ditugu.

Betiko jolasak naturan

Ikusi-makusi ala ezkutaketan jolastea are zirraragarriago izan daiteke naturarekin harremanetan aritzen bagara, hirian topatuko ez ditugun txoko eta ezkutaleku zoragarriak aurki ditzakegu bertan: kobazuloak, zuhaitzak, bide ezkutuak, …

Modu honetan, tarte dibertigarria igarotzeaz gain, umeek jolastoki naturalak  zaintzeko ardura hartuko dute, naturarekiko lotura indartuz.

Ume basatiak

Heike Freire psikologoaren arabera, umeek basati moduan jolastea ona da: eskuak lokatzez zikintzea, zuhaitzetara igotzea, animaliekin jolastea, … oso onuragarriak dira umeen garapenerako. Are gehiago, gurasoek euren seme-alabak animatu behar dituzte halako jolas basatiak praktikatzera, tarteka bada ere.