Eusko Jaurlaritzaren Logotipoa

Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saila

Euskadi.net

Hasiera

Hemen zaude:
  1. Hasiera
  2.  
  3. Ingurumena
  4.  
  5. Ingurumen-hezkuntza
  6.  
  7. IHITZA
 
ihitza 24




Bitakora kaiera


ZURRUNBILOAREN ERDIAN

“Zenbat eta baliabide gehiago kontsumitu, gizarteak orduan eta ongizate hobea lortzen du”. Esaldia ez da guk asmatua, baina kalean dago eta bada pentsaera hori duen jenderik. Horrelako jarrerek geroz eta gehiago urruntzen gaituzte garapen iraunkorretik, eta mugikortasunaren esparrura eramaten badugu, arazoa areagotzen dela ohartuko gara. Orrialde hauetan proposatzen dizuegun ariketa egokia izan daiteke jarrerak aztertzeko, motibazioa sustatzeko eta sentsibilizazioa bultzatzeko.

 

HELBURUAK
  • Oinez, bizikletaz edo motorrez ibiltzeko segurtasun neurri desberdinak ezagutu.
  • Ibilgailuek sortzen dituzten ingurumen arazoak aztertu eta baloratu.
  • Arazoei irtenbideak bilatzen ikasi.
  • Mugikortasun iraunkorra zer den ikasi.
  • Eztabaidarako teknikak ezagutu eta erabiltzen ikasi.

HARREMANA DUTEN GAIAK
  • Etika
  • Gizarte Zientziak

MATERIALAK
  • Fitxa
  • Argazkia

 

EMAN BEHARREKO URRATSAK
Txirrindularia autoz inguratuta

1.- Diagnostikoa
Ikasleak bost edo sei taldetan banatu –hiruzpalau ikaslekoak–. Talde bakoitzak ondoko galdeketari erantzun beharko dio partaide guztien ekarpenak bilduz.

Aurreko orrialdean dagoen argazkia arretaz begiratu eta galderak irakurri:

1.- Zer iradoki dizue argazkiak?
2.- Non dago txirrindularia?
3.- Zein beldur izan dezake txirrindulariak?
4.- Zein segurtasun neurri hartu ditu bizikletarekin ibiltzeko?
5.- Zenbat auto daude kale horretan?
6.- Gutxi gora-behera, zenbat lagun joango dira auto horien barruan?
7.- Zenbatu ditugun auto adina bizikleta baleude, zenbateko zatia hartuko lukete kalean?
8.- Zergatik da bizikleta irtenbide bat hiriko trafikoarentzat?
9.- Hirietan bizikleten erabiltzaile kopurua handiagoa balitz, beste arazo ugari gaindituko lirateke. Zeintzuk?
10.- Zuen iritziz, bizikleta erabiltzen dutenek badakite zer den mugikortasun iraunkorra praktikan jartzea?
11.- 0tik 10era bitarteko eskalan, zenbat espazio hartzen duten zure herri edo hirian autoek? Eta bizikletek? Oinezkoek? Berdeguneek?
12.- Zer eskatuko zeniokete zuen herriko alkateari txirrindulariak hirian segurtasunez ibili ahal izateko?

Lehenengo urratsarekin amaitzeko, galdera horiei emandako erantzunekin ondorio nagusiak idatzi.

2.- Mahai-ingurua
Orain pentsatu bizikletaz zoaztenak zuek zaretela. Seguru behin baino gehiagotan erabili duzula bizikleta zuen herri edo hirian leku batetik bestera joateko. Horrela egiten duzuenean:

1.- Lasai eta eroso sentitzen zarete?
2.- Zuen familiako norbaitek ikusi al zaituzte? Zer pentsatu ote dute? Kezkatuta geratu direla iruditzen zaizue?
3.- Auto gidariek inoiz ezer esan al dizuete? Zer uste duzue pentsatzen dutela?
4.- Zergatik aukeratu duzue bizikleta hirian barrena aritzeko?
5.- Zuen esku balego, zer aldatuko zenukete bizikletaz lasaiago ibiltzeko?

3.- Ondorioak eta proposamenak
Bi galdera sorta horiek erantzun ondoren, eta talde bakoitzak bere ondorioak atera ondoren, ikasle guztiak bildu eta eztabaidatu talde bakoitzak atera dituen ondorioen inguruan.

Iturria: Mugikortasun jasangarria. Hiri-garraioa Iruñerrian. Iruñerriko Mankomunitatea. 2002.

Azken eguneratzea: 2007/10/09
Euskadi, auzolana