Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila

logo
nº 43.
el tiempo

Begiratokia

Haurren hiria
Proiektu iraultzaile honen bidez, hiri-ereduak aldatu nahi dira; hain zuzen ere, haurrek hirien diseinuan eta gobernuan parte hartuz.

Hiriak gobernatzeko beste filosofia baterako proiektua

Proiektuak hiriak gobernatzeko beste filosofia bat jartzen du arduradun politikoen eskura. Azken hamarkadetan, udal-politiken erreferentziazko parametroa gizonezko langile heldua izan da, baina proiektu honek haurren hiria proposatzen du paradigmatzat.

Ohiz kanpoko proposamena da, itxuraz, baina hainbat arrazoi ditu:

  • Hiriek beren berezko elkarguneak galdu dituzte, beren truke-guneak. Hirietako egiturak eta zerbitzuak lanaren eskakizunetara bideratuta daude, lana baita herritar pribilegiatuen jarduera nagusia, eta autoa haien jostailurik gustukoena da.
  • Hirietan, gure seme-alabek erabat galdu dute beren mugimendu-autonomia, bai eta beren lehen esplorazio- eta aurkikuntza-esperientziak izateko aukera, eta hazteko beharrezkoa den jolaserako aukera ere.
  • Gure belaunaldia da hurrengo belaunaldien etorkizunaz arduratzeari uko egin dion lehena.

Egoera kezkagarri horren aurrean, haurrek benetako aldaketa bat eragin dezakete. Haurren proposamenak bat datoz aditu eta zientzialariek egindakoekin; hain zuzen ere, psikologo, ekologista, soziologo, hirigile eta abokatuek egindakoekin.

NBEren Haurren Eskubideei buruzko Konbentzioaren (1989) 12. artikuluak ezartzen duenaren arabera, haurrek beren iritzia emateko eta iritzi hori entzuna izateko eskubidea dute, haiei dagozkien erabakiak hartzen direnean. Proiektu honetan, udal-arduradunak dira erreferentziazko pertsonak. Proiektu politikoa da pedagogikoa baino gehiago, eta hiria benetan aldatzea du helburu.

Haurren hiriaren proiektuak bi ardatz nagusi hauek ditu:

A. Adingabeek hiriaren gobernuan parte har dezaten sustatzea. Horretarako, Haur Kontseilua sortuko litzateke, haurren ikuspuntua adieraz dezan; horrenbestez, haurrek gune publikoak diseinatzen lagunduko liekete arduradun politikoei.

B. Haurrei gune publikoetan autonomiaz mugitzeko aukera itzultzea, "goazen bakarrik eskolara" esperientziaren bitartez.

niños jugando

Nazioarteko sarea

Proiektua Italiako Ikerketarako Kontseilu Nazionaleko (CNR) Zientzia eta Teknologia Kognitiboen Institutuak (ISTC) koordinatuta eta lagunduta dago (www.lacittadeibambini.org).

Gaur egun, "Haurren hiria" sarean, Italia, Espainia, Argentina , Mexiko, Kolonbia, Uruguai, Peru, Txile eta, duela gutxi, Libanoko 200 hiri baino gehiago daude.

Euskal Herriko sarea

2014ko urtarrilean, Euskadiko Haurren Hiriaren laborategi bat eratu zen, Berrikuntzaren Euskal Agentziaren (Innobasque), Leioako Irakasleen Unibertsitate Eskolaren, Leioako Udalaren -proiektuarekin bat egin baitzuen-, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Solasgune elkartearen lankidetzarekin. Bilbon zegoela aprobetxatuta, zenbait hiritako tokiko gobernuei aurkeztu zitzaien proiektua. Horrez gain, prestakuntza-ikastaro bat eman zien administrazioko zenbait sektoretako eta proiektuan parte hartzen duten hirietako funtzionarioei. Euskadin proiektuarekin bat egiten duten hiriek euskal sarea osatuko dute nazioarteko proiektuko Nazioarteko Sarean. Nazioarteko sare hori Erromako Ikerketarako Kontseilu Nazionalak koordinatzen du.

Proiektua hobeto ulertzeko, www.lacittadeibambini.org webgunean aurki daiteke informazio gehiago (italieraz, gaztelaniaz eta ingelesez), baita Francesco Tonucciren bi liburuetan ere: La Ciudad de los Niños eta Cuando los Niños Dicen basta. Bi liburuak Madrilgo Hernán Sánchez Ruipérez Fundazioak argitaratu ditu Espainian, eta lehena duela gutxi argitaratu dute euskaraz: Haurren Hiria (Txatxilipurdi Elkartea). Halaber, interesgarria da Francesco Tonucciri egindako elkarrizketa irakurtzea. Ihitzaren 5. zenbakian, hiriari buruzkoan, dago.

Gehiago Irakurtzea

Francesco Tonucci

Francesco Tonucci italiar pentsalari, psikopedagogo eta marrazkilaria da ("Frato"), eta hainbat liburu idatzi ditu haurrek hiri-ekosisteman duten zereginari buruz.

Irakasle aritu zen, eta 1966an, Ikerketarako Kontseilu Nazionaleko Institutu Psikologikoko kide izendatu zuten. Gerora, Kontseiluko Psikopedagogia Departamentuko buru izan zen; departamentu horrek ingurumen-hezkuntzako programa garatzen du. Tonucciren ikerketen gai nagusiak haurren garapen kognitiboa eta hezkuntza-metodologia dira. 1991n, Haurren Hiria proiektua gauzatu zuen bere jaioterrian. Arrakasta handia izan zuen proiektu horrek, eta munduko zenbait lekutara zabaldu zen.

Haurrak babesten dituen Italiako Telebistaren eta Adingabeen Batzordeko presidentea da. Orobat, Napoliko Zientziaren Hiriko kolaboratzailea da, Txikien Lantegia proiektuan, eta Erromako Haurren Museoa proiektuko kolaboratzaile zientifikoa da. Limako Unibertsitate Pontifikaleko Hezkuntzaren Zientzien Fakultateak honoris kausa doktore izendatu zuen.

Weba