Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila

logo
nº 43.
el tiempo
Cuaderno de Bitacora
Ingurumena ikasleen eskuetan

orobiogoitia

Iurretako Juan Orobiogoitia BHIko bigarren hezkuntzako 3. mailako ikasleak ikastetxeko ingurumen-arduradunak dira. Ingurumen Batzordearen bidez hartu dute ardura hori beren gain.

Ingurumenaren aldetik iraunkorrak nola izan gaitezkeen ulertzeko modurik onena hau da: iraunkortasuna gure esparrurik gertuenean aplikatzea eta gure ekosistema kontserbatzen laguntzen duten eguneroko ekintza txikien erantzukizuna onartzea.

Iurretako Juan Orobiogoitia institutuan, oso giro lasaia dago; alde batetik, landa-ingurune batean dagoelako, eta beste batetik, zenbait herri txikitatik etorritako 300 ikasle dituelako nekez. Ezaugarri horiek direla eta, ezin hobea da ikasleak beraiek institutuko ingurumen-arduradunak izan daitezen. Horretarako, tailer bat ipini dute martxan.

1996an sortu zenetik, Juan Orobiogoitia institutuak hainbat gai landu ditu Eskolako Agenda 21en esparruan: hondakinak, energia, aztarna ekologikoa eta kontsumo arduratsua, besteak beste. Horri esker, Eskola Iraunkor izendatu zuten duela lau urte. Beraz, hurrengo urratsa nabaria zen.

Tailerra hautazkoa da, eta hartan, ikasleak dira protagonistak, ikasleek markatzen dute erritmoa, eta lekua eta denbora dago hausnartzeko eta erabakiak hartzeko. Ikasleak, beren funtzio berrien bitartez, ikastetxeko ingurumen-arduradunak dira. Baina, horrez gain, tailerrari esker, ikasleen parte-hartzea eta autonomia sustatu egiten dira. Horrenbestez, ikasleak gai dira antolatzeko, konpromisoa hartzeko, lankidetzan aritzeko eta erabakiak adosteko.

Ekimena Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 3. mailako ikasleentzat da, eta parte-hartzea borondatezkoa da. Irakasle batek lagunduta, parte-hartzaileek erabakitzen dute zer gauzatu, eta nola eta noiz; esate baterako: Ingurumen Batzordeak komunikazio eta sentsibilizazioari buruz hartutako erabakiak; ikastetxeak kudeaketa iraunkorrari, hondakinei eta energiari buruz egindako akordioak; kanpaina ofizialetan parte hartzea...

Horretarako, zenbait baliabide dituzte eskura (laborategia, sukaldea, ekipamendu informatikoa...), bai eta, oro har, gaitasun guztiak ere; batik bat, autonomiarako eta norberaren ekimenerako gaitasuna, eta gizarte- eta hiritartasunerako gaitasuna.

Baina, gainera, ikasleen lana ikastetxearen mugez beste aldera ere iristen da; izan ere, komunitateko ingurumen-ordezkariekin lankidetan aritu behar dute, eta haien bidez, gomendioak, diagnostikoak, jakinarazpenak edo eskaerak helaraz diezazkiokete Udalari.

Orobiogoitia BHI Iurreta ( Bizkaia)

Hegaztien behaketa zientifikoa

urretxindorra

Inguruko hegaztiek eta arrano arrantzaleak ez dute sekreturik Gautegiz Arteagako eta Muxikako ikasleentzat. Proiektua Bird Center-en eta ikasleen familien laguntzari esker gauzatu da.

2006-2007 ikasturtean, Bizkaiko Gautegiz Arteagako Montorre eta Muxikako Urretxindorra herri-eskolek proiektu bat ipini zuten martxan elkarrekin, inguruko hegaztiak aztertzeko eta teknologia berrien erabilera sustatzeko: Informatika eta behaketa zientifikoa. Bi ikastetxe txiki direnez, ekimenean adin guztietako ikasleek parte hartzea erabaki zuten arduradunek.

Ikasturtean zehar, lan hauek egin zituzten, besteak beste: ikastetxeak egokitzea; janontziak jartzea; habiak eskegitzea, lehen behaketak egiteko; gurasoen laguntzarekin, hegaztiei eraztuna ipintzea; eta argazkiak egitea. Horri esker, ikasleek informazioa bildu, txostenak egin, ikastetxeko sarreran txoko bat jarri, lanak beste ikasleei aurkeztu eta hori guztia www.hegaztiakeskolan.com webean jarri zuten.

2012-2013 ikasturterako, Urdaibai Bird Center-ek arrano arrantzaleari buruzko proiektu bat egitea proposatu zuen, eta irakasleek ez zuten zalantzarik izan. Urte hartan, ekainean, ikasleen ordezkari batzuek Lehendakariaren eta Hezkuntza-sailburuaren aurrean aurkeztu zuten lan hori, Eskola Iraunkorrei saria emateko ekitaldian. Aldi berean, Urretxindorra eta Montorre ikastetxeek eta Eskozia, Finlandia eta Italiako ikastetxe batzuek Rutlan ospreys proiektuan egin zuten bat (www.ospreys.org.uk). Ondoren, Afrikako ikastetxeak ere proiektura batu dira. Beste leku batzuetako jendeari beren inguruko faunaren berri emateko Muxikako eta Gautegiz Arteagako ikasleek zenbait dokumental egin dituzte. Gainera, etorkizunean, Skype bidez Gambiako eskola batekin harremanetan jartzen saiatuko dira.

Bestalde, familien konpromisoa berebizikoa izan da ekimen hau arrakastatsua izan zedin. Ikasle askok etxean jarri zituzten jantokiak, behaketa zorrotzagoa egiteko. Hain zuzen ere, beste ikerketa-lerro bat garatu nahi zuten: beren inguruko hegaztiei behatzea. Jakina, ikerketa hori ere arrakastatsua izan zen. Lan hori eta arrano arrantzaleari buruz egindakoa Urdaibai Bird Center-en webgunean daude (www.birdcenter.org). Ikastetxe bakoitzak bere txokoa du web-orri horretan.

Proiektuak urrats asko egin behar ditu oraindik ere; esate baterako, iazko ikasturtean, Zamudioko ikastetxean (Bizkaia) aurkeztu zuten. Halaber, une hauetan, ipinitako jantokiak berritzen ari dira.

Montorre de Gautegiz Arteaga y Urretxindorra de Muxika ( Bizkaia)