Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila

logo
nº 43.
el tiempo

Eta gurasoek...zer?

Familiaren eta eskolaren arteko komunikazioa, eskolaz kanpoko laguntzarik onena gure seme-alabentzat

deberes

Nola antolatu behar dugu etxeko lanak egiteko denbora?

Lehenengo eta behin, kontuan izan behar da ikastetxeak erabakitzen duela etxeko lanak agintzen diren ala ez, eta zenbat etxeko lan diren egokiak ikasleentzat. Beraz, irakasleek markatzen dute denbora hori. Hala ere, etxean, estresa eragiten ez duen aldagaitzat hartu behar dugu denbora hori, gehien-gehienetan gertatzen ez den bezala; hain zuzen, kontrakoa gertatzen da. Eskuarki, gure lanak egiteko behar dugun denbora txarto kalkulatzean sortzen da estresa. Gure denbora kudeatzen ikastea oso garrantzitsua da edozein pertsonaren ikaskuntza-prozesuan. Ildo horretan, familiok galdera bat eginez lagundu dezakegu. Etxeko lanak zer ikasgaitakoak diren jakin gabe, bere ustez zenbat denbora beharko duen galdetuko diogu. Ondoren, egiaztatuko dugu haren asmoak errealitatearekin bat etorri diren ala ez, eta zer neurritan.

Ez da garrantzitsua denbora asko edo gutxi behar izatea, denbora hori kalkulatzea baizik, ikaslea antolatzeko gai izatea baizik. Batzuetan, gurasook horrekin itsutzen gara, baina, gaur egun, ikerketa batek ere ez du frogatzen etxeko lanak egiteko denboraren eta errendimendu akademikoaren artean inolako loturarik dagoenik. Aitzitik, etxeko lanak egite hutsaren eta nota onak ateratzearen arteko lotura badagoela ikusi da.

Garrantzitsua al da eskolatik irtetean denbora librea izatea?

Ezinbestean, pertsonok geure denborak behar ditugu, eta haurren kasuan, behar hori askoz handiagoa da. Adin horietan, oso sakon lantzen da eraikuntza pertsonaleko prozesua. Beraz, zenbat eta gazteagoak izan gure seme-alabak, orduan eta denbora gehiago izan behar dute beraientzat, eraikuntza hori jolasetik, besteekiko harremanetatik eta beste eremu natural batzuetatik gauzatzeko.

Etxeko lan gehiegi bidaltzen al da gaur egun?

ELGAren PISA txostenaren arabera, Espainia da etxeko lan gehien bidaltzen diren herrialdeetako bat; batez bestekoa baino gehiago bidaltzen dira. Espainiako errendimendu akademikoa, berriz, batez bestekoaren azpitik dago. Esate baterako, Finlandian eta beste herrialde batzuetan, oso etxeko lan gutxi bidaltzen dira, eta errendimendu akademikoari dagokionez, askoz emaitza hobeak dituzte.

Bestalde, etxeko lan gehienak bakarka egitekoak dira, eta ez dira beti ikasleen gaitasunak kontuan hartzen. Ikaslea txikia denean, ez da bere burua kudeatzeko gai (ez daki lana antolatzen, lana denboran programatzen...). Batzuetan, desorekak gertatzen dira ikastetxeetan, etxeko lanak goizegi bidaltzen hasten baitira; hau da, ikasleek, etxeko lanak egiteko, heldu baten laguntza behar dutenean. Dirudienez, etxeko lanak egiten hasteko adinik gomendagarriena hamar edo hamaika urtekoa da.

Gomendagarriak al dira eskola partikularrak? Gehiegi jotzen al da haietara?

Hainbat ikerketak erakusten dutenaren arabera, lotura dago errendimendu akademikoaren eta antolatutako edo eskolaz kanpoko jardueren artean. Itxuraz, eskolaz kanpoko bi jardueratara baino gehiagotara joaten diren ikasleen errendimendu akademikoak behera egiten du; alegia, ez da komeni arratsaldeko denbora guztia hizkuntza-eskolekin, arte-eskolekin eta abarrekin betetzea. Aitzitik, bi jarduera horietatik kirol-jarduera bat egiten duten ikasleen errendimendua hobetu egiten dela ikusi da.

Nola lagundu diezaiekegu gure seme-alabei?

Funtsezkoa da gurasook irakasle laguntzaileak ez izatea. Senidea ez da lana ikasleen ondoan egiten duen irakasle partikularra, eta ez dio lezioa hartu behar, edo edukiak azaldu. Familiak beste funtzio batzuk ditu. Gomendagarria da edukiak albo batera uztea. Izan ere, irakasleak dira prozesu horretan laguntzeko tresna egokiak dituztenak, eta gainera, bakoitzak bere mugak ditu; hau da, pertsona bat ikasgai bat azaltzeko gai izango da, baina ezin izango du beste bat azaldu, eta dudarik gabe, ez gara ikasgai guztiak azaltzeko gai izango.

Ildo horretan, egin duenari buruz galdetuko diogu seme-alabari, eta ulermen-arazorik, ariketaren bat egiteko zailtasunik edo bestelako arazorik izan duen antzematen saiatuko gara. Hala izanez gero, irakaslea jakinaren gainean jarriko genuke. Informazio hori benetan baliotsua da, baina, kasu gehienetan, ezkutuan geratzen da. Irakasleak arazorik dagoela badaki, ikasgelatik kanpoko ikasketa-prozesua kontrolatu ahal izango du. Oharrak bidali edo eskola-agenda erabil dezakegu, irakaslearekin etengabe komunikatuta egoteko; hain zuzen ere, horixe da gure seme-alabari laguntzeko modurik onenetako bat.

Ikasten ikasteko helburuari dagokionez, egokiena da arreta motibazioan jartzea eta eskolarekiko jarrera positiboari eustea. Ikasleari laguntzeko, frustrazio-seinaleak hautematea eta ikastetxeari jakinaraztea garrantzitsua da. Baina, horrez gain, hau ere oso garrantzitsua da: lana egingo duelako itxaropen handi samarrak izatea, ikasketa horrek dituen onurei buruz hitz egitea, egiten ari den lanari zentzua ematea eta haren etorkizuneko ilusioak sendotzea (handitan hau edo beste hau izan nahi baduzu, ona da zuretzat hau ikastea...).

Bestalde, hirugarren maila kognitibo batean, adibidez, etxeko lanak zatikatzen, denbora kontrolatzen eta ordenaz jokatzen lagundu diezaiekegu, betiere, galderak eginez: Zenbat etxeko lan dituzu? Nola egingo dituzu? Denak egingo al dituzu gaur? Zergatik egingo dituzu etxeko lan horiek gaur? Eta gehiago. Irakasleak zalantzak argitu badizkio ere, galdera gehiago egin ditzakegu: Ulertzen ez zenuena galdetu al zenuen? Zer moduz joan zaizu? Zer erantzun zizun irakasleak? Zalantzak gure laguntza emateko erabiltzea oinarrizkoa da ikasketa-prozesuetan.

Eta alderdi metakognitiboei dagokienez, laguntzea askoz errazagoa izan daiteke. Hainbat gauza egin ditzakegu arlo horretan: ikasketa-testuingurua antolatzen lagundu; leku egokia, lasaia eta ondo argiztatua eman; anai-arrebei gogaitzen ez utzi; egiten ari den ahalegina balioetsi; arreta galarazten duten elementuak (telebista, sakelako telefonoak, Internet, etab.) saihestu edo haien eragina txikitu.

Zure ustez, familiaren eta eskolaren arteko harremana oso garrantzitsua da

Bai, jakina. Seme-alabak etxeko lanak egiten dituenean zer ikusten dugun irakasleari jakinaraztea oso garrantzitsua da, irakasleak zenbat etxeko lan agindu behar dituen asma dezan. Lehenago esan dudanez, prozedurazko eta jarrerazko kontzeptuetan jarri behar dugu arreta, eta edukiak irakasleen eskuetan utzi. Hona hemen ohiko egoera bat: ikasle batek arazoak ditu etxeko lanak egiteko, eta horregatik, sufritu egiten du, eta senidea horretaz ohartzen da. Egoera horrek estutasun handia sortzen du; txikiengan, andereñoak esandakoa ez egiteagatik, eta zaharragoengan, etxeko lanak ez egiteak azken notan eragin negatiboa izan dezakeelako. Orduan, senideak egiten ditu etxeko lanak. Ikastetxean, ostera, inork ez du jakingo ikasleek zer dakiten eta zer ez, eta hori da, hain zuzen, etxeko lanen funtzio nagusietako bat. Aitzitik, helduak ikastetxea jakinaren gainean jartzea erabakitzen badu, arazoaren berri izango dute arduradunek, eta zenbait proposamen didaktiko landuko dituzte, arazoa konpontze aldera.

Joxe Amiama
Gurasook zalantza asko izaten ditugu seme-alabekin etxeko lanak egiterakoan. Elkarrizketa honetan, Joxe Amiama psikopedagogoa gure zalantzarik ohikoenak argitzen saiatuko da.

Joxe Amiama

Argazkia: Goiena Magazine (CC lizentzia)

@ Contacto