Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila

logo
nº 43.
el tiempo
Cuaderno de Bitacora
Balioetan eta emozioetan heztea

toki-alai

Duela sei ikasturte, Irungo Toki Alai Bigarren Hezkuntzako Institutua iraunkortasunaren aldeko zenbait ekimen garatzen hasi zen, Eskolako Agenda 21 programaren esparruan. Irakasle bat buru zela, irakasleen lau ordezkarik eta ikasgela bakoitzeko ordezkari batek osatutako batzorde batek ekimen honen ardura hartu du. Ekimenaren harira, ikastetxeko curriculumeko zenbait gai landu ditu batzordeak; besteak beste, energia, ura, hondakinak, mugikortasuna eta bioaniztasuna.

Toki Alai institutuko hezkuntza-ildoen arduradunek badakite norberak hasi behar duela iraunkorra izaten; alegia, ikasleak nekez arduratuko dira gai horretaz edo beste edozeinetaz, baldin eta, hain zuzen, erantzukizunean hezten ez baditugu. Halaber, funtsezkotzat hartzen dute bai ingurunea eskolara ekartzea bai eskola ingurune horretara ateratzea; hots, indarrak batu behar dituzte kanpoko eragileekin, baterako heziketa-lana egiteko.

toki-alai

Hori dela eta, elkarbizitza-proiektu bat ipini dute martxan. Horretan oinarritzen dira ikastetxean egiten diren ekintza guztiak, hezkuntza-prozesutik hasita. Proiektuaren helburua eskola inklusiboa lortzea da, eta pertsonak eskolaren funtzionamenduaren ardatz nagusia izatea. Ikastetxeko bizitza antolatzeko modu berri horretan, proposamen hauek eta antzeko beste batzuk egin dira: irakasleei koordinatzeko denbora ematea, ikasleak prozesuko protagonistak izatea lor dezaten; eskola-komunitateko kide guztiek ekintzetan parte har dezaten lortzea; denbora eta leku ez-formalak sortzea, pertsonen arteko harremanak sustatzeko; eta ikasleei beharrezko baliabideak ematea (denbora, lekuak, etab.), banaka zein taldeka hausnar dezaten, eta haien eskura autonomia handiagoa garatzeko egiturak jartzea (batzordeak, elkarbizitza-zirkuluak, etab.).

Bestalde, institutuko curriculumari begira, arau hau lehenetsi da: hezkuntza-ekimen guztiek gizarte- eta hiritar-gaitasuna kontuan hartzea. Elkarbizitza-plana martxan jartzeko, lankidetzazko metodologia bat garatu eta tutoretzak berriro planifikatu ziren. Horrez gain, gizartea zerbitzatzeko beste ikuspegi bat sartzeko apustua egin zen. Hezkuntza-diziplinetan txertatutako lan-proiektuen eta ikerketen bidez, iraunkortasunarekiko ardura bultzatzen duen zerbitzu bat jarri nahi du ingurunearen eskura. Kontzeptu irekia da, komunitate osoarentzat; jakina, hezkuntza-komunitatearentzat da (langile, ikasle eta senideentzat), baina baita ingurunearentzat ere (Irungo beste ikastetxeak, Udala, elkarteak...).

Irungo Toki Alai BHIko arduradunek eskola inklusiboa lortu nahi dute, ikasleak hezkuntza-proiektuko ekintza guztietan protagonistak izan daitezen.

toki-alai

Parte-hartzea
Erantzukizuna
Komunikazioa
Konpromisoa
Identitatea

Ondorioz, Toki Alai institutuan sinetsita daude ikasleei aukera ematen zaienean erantzun egiten dutela, eta hausnarketarako denbora ematean hezkuntza-prozesua nabarmen hobetzen dela. Horrenbestez, neurrira egindako traje bat eman nahi izan zaio ikasle bakoitzari, pertsonak erantzukizunean hezteko.

Irungo Toki Alai BHI

Gehiago Irakurtzea