Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila

logo
nº 44.
servicios
Cuaderno de Bitacora
Txangoak ikasteko

equipo1

Legazpiko Haztegi Ikastolako ikasleek inguruan dituzten ekosistemak hobeto ezagutzeko aukera izan dute, beren natura-ingurunea bisitatzeko egindako txangoei esker.

Legazpiko Haztegi Ikastolako ikasleen ingurumen-hezkuntzaren ardatz nagusia biodibertsitatea izan da azken urteetan. 2012-2013 ikasturtean zehar, ikasleek gai horretara ikuspegi teoriko batez hurbiltzeko aukera izan zuten. Hurrengo ikasturtean, berriz, hainbat jarduera praktiko burutu zituzten biodibertsitatearen arazoak aztertzeko. Ikasleek fase teorikoan eskuratutako kontzeptuak gertuko natura-ingurunearekin lotzeko aukera izan zezaten, jarduera praktikoak ikasgelatik kanpo gauzatu zituzten. Horretarako ikertu beharreko lekuetara abiatu ziren.

Martxan jarritako bat Ekosistema batek eskaintzen dituen zerbitzuak izeneko ekimena da. Horretan parte hartu zuten ikasleak Mirandaolako parkera joan ziren. Bigarren Hezkuntzako hirugarren mailako bi taldeek arratsalde osoa eman zuten parkea ikusten, aukera ugari eskaintzen dituela kontuan hartuta: kultura, basoa, baratzeak, ibaia, baserria, aisia...

equipo2

Parkera joan aurretik, tutoreak bi ikasgeletako ordezkariekin elkartu ziren, ekimenaren helburua adierazteko. Hara iritsitakoan, ordezkariek eraman zuten jardueraren pisua. Hango eremua aztertu ondoren, ikertzaileek beharrezko informazioa bildu eta ondorengo taula hau osatu zuten:

ecosistema

equipo3

Bestalde, Zuhaitz hilari bizia dario izeneko txangoak inguruko baso batera eraman zituen Haztegiko maila horretako ikasleak, zuhaitz idorrak aztertzeko. Ustez bizigabeak diren elementu horiek betetzen duten zeregina ezagutu nahian, ohartu ziren enbor horietan hainbat espezie, izaki, bizi direla.

Azkenik, Bigarren Hezkuntzako lehen mailako ikasleek ere ez zuten proiektuan parte hartzeko aukera galdu. Hala, Errekaren azterketak ikastetxetik hurbilen dagoen ibaia aztertzeko aukera eman zien, Eusko Jaurlaritzaren Ibaialde programan egiten den bezala.

Ekimenaren arduradunak, ikastetxeko Agenda 21en koordinatzaile Maite Odriozola buru dutela, baikor agertu dira planaren emaitzekin. Izan ere, ikasleentzat ikasgelatik kanpo elkarrekin bizitzeko aukera eman zien eta, gainera, ikasitako guztia bertatik bertara ezagutu ahal izan zuten. Esperientziaren arrakasta ikusita, ondoko urteetan ere horrelako ekimen gehiago gauzatu behar direla uste dute. Baliteke hasiera batean nagikeria ematea, baina onuragarriak dira ikasleentzat, horrelako ariketen bidez guk uste baino gauza gehiago ikasten dituztelako.