Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila

logo
nº 44.
servicios

Ikastetxeko berriak

Elikadura osasungarria Abusu Ikastolan

niños comiendo

Duela hiru urte, ikastolak plan bat jarri zuen abian jangela-zerbitzuaren balorazioa hobetzeko: menuak hobetzea, arreta profesionalizatzea, ateak zabaltzeko egunak gurasoentzat eta abar.

Balorazioak hobera egin zuen arren, oraindik hobetu beharreko gauzak zeudela iruditu zitzaigun. Horregatik, Agenda 21etik proposamen batzuk egin zitzaizkien zuzendaritza-taldekoei. Zentzu berean, familia batek antzeko proposamena egin zion 12-13 ikasturtean zuzendaritza-batzordeari. Hasiera batean gaia atzeratu bazen ere (ez zuten baztertu baina beste lehentasun batzuk jorratu zituzten), zuzendaritzak gaiari ikasturte honetan heltzeko konpromisoa hartu eta jangela hobetzeko plana lantzea erabaki zuen. Hala, gastronomiaren ardura duen enpresarekin harreman ugari izan eta gero, datorren ikasturteari begira hainbat urrats ematea erabaki dugu: lehenbizi, menuan sasoiko produktuei lehentasuna ematea; ondoren, tokiko produktuaren aldeko hautua egitea; eta geroago, eskola-baratzeko barazkiak sukaldera eramatea.

Ikasturte honetan, gainera, Basque Culinary Centerren proiektuan sartzeko aukera izan dugu, eta gure ekimenari esker, hainbat sukaldarik astebetez jardun dute ikastetxean errezetak egiten, guraso, ikasle eta irakasleekin, horiek elikaduraren alorrean hezteko. Bi proiektu horiek aurrera egin dute. Horrez gain, Lehen eta Bigarren Hezkuntzan gai hori jorratzen dela aprobetxatuz, elikadura osasungarria landu dugu eta lantegi batzuk egin ditugu, gai horri arreta berezia emateko.

Andoni Lupianez
Abusu Ikastolako Agenda 21en koordinatzailea

EA21en gelako koadernoak

cuaderno

Garazi ikastetxean 'EA21en gelako koadernoak' ekintza abiarazi dugu. Gaizki atera diren fotokopiez egindako koaderno artesanalak jarri ditugu gela guztietan.

Garazi ikastetxean 'EA21en gelako koadernoak' ekintza abiarazi dugu. Gaizki atera diren fotokopiez egindako koaderno artesanalak jarri ditugu gela guztietan. Edozein ikaslek nahi duenean idatzi dezake koaderno horietan: EA21en inguruan gelan, eskolan, egiten diren gauza aipagarrienei buruz; etxean, kalean zein ikastetxean topatzen dituzten gauza deigarriak, onak edo zuzendu beharrekoak; haien proposamenak, komentarioak, ikusten dutena... EA21en gaiekin lotura izanda, guztiz irekia.

Koadernoan idatzitakoak noizean behin irakurtzen dira gelan eta gelako arduradunek hilean behin edota bi hilean behin EA21en koordinatzailearekin biltzen dira ateratako ideiak aztertzeko eta bideratzeko.

Helburuak:

  • Ikasleen parte hartzea bultzatzea
  • Ikasleei inguruko baliabideak ondo erabiltzen ari garen aztertzeko gogoa piztea
  • Papera berrerabiltzeko beharraz kontzientziatzea

Koadernoak oso arrakastatsuak gertatu zaizkigu kontzientzia eta parte hartzeko gogoa pizteko.

Marije Medina
Legutioko Garazi HHLHko EA21en koordinatzailea

Oihalezko mukizapien erabilpena

urdaneta

Azken ikasturtean gure ikastetxeko Eskola Agenda 21en helburu nagusia kontsumoa murriztea izan da, bereziki energiaren erabilpena gutxitu eta hondakinak murriztu, berrerabili eta birziklatzea.

Ikastetxeko diagnostikoa egiteko, eskolako lagunei, irakasleei, gurasoei, sukaldariei, eskolazainari eta garbitzaileei galdeketak egin zizkieten ikasleek egoera aztertzeko eta ingurumena denon lana dela konturatzeko: ea eskola garbi edukitzen dugun, zer egin dezakegun eskola garbi edukitzeko, ea ikasleok materiala ondo erabiltzen dugun, ea materialaren balioa baloratzen dugun, ea birziklatzen dugun... Horrez gain, ikastetxeko gaika berezitutako zaborrontziak aztertu zituzten ikasleek eta konturatu ziren, besteak beste, paperezko mukizapi asko botatzen zirela.

Ikasleek beren ohiturak eta ikastetxearen egoera hobetzeko zerbait erraza aukeratzeko eskatu genien eta oihalezko mukizapiak erabiltzea proposatu genien. Horretarako koordinatzaileak erabiltzen duen oihalezko mukizapi baten historia kontatu zien, amak oparitutakoa zela, jadanik ama hilik dagoenez eta bere oroigarritzat duela. Ikasleak oso interesatuta agertu ziren.

Hortik aurrera EA21eko koordinazio bileran sortutako ideia praktikan jarri genuen: Ingurumen Batzordeko ikasle ordezkariei oihalezko mukizapi bana oparituz eta beste batzuk beste ikasleen artean zozketatuz. Ikasleak beren etxeetan horrelako mukizapiak eskatzen hasi ziren, batzuei aitona-amonak oparitu zizkieten, besteek herriko dendetan erosi zituzten eta horrela aspaldiko ohitura iraungarri hori berreskuratu dugu. Orain erabilerari eustea dugu erronka eta horretan saiatuko gara hurrengo ikasturtean ere.

Ekimen horren oihartzuna asko zabaldu da ikastetxean, irrati, telebista eta aldizkariaren bidez, eta kanpoan ere bai, Euskadi Irratiko Hiri Gorrian programan tartea izan baikenuen horren berri emateko. Lehengo ohitura zahar eta iraunkorrak berreskuratzeko, gure alea jarri dugu eta horri eutsiko diogu!

Marga Rodriguez
EA21eko koordinatzailea - Urdaneta Herri Ikastetxea - Ordizia (Gipuzkoa)