Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila

Argitalpen-data: 2016/05/05

180/2015 Errege Dekretua, martxoaren 13koa, Estatuaren lurraldearen barruko hondakinen lekualdaketa arautzen duena, Euskal Autonomia Erkidegoaren barruko garraiatzeei aplikatzea

2015eko apirilaren 7an Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen 180/2015 Errege Dekretua, martxoaren 13koa, Estatuaren lurraldearen barruko hondakinen lekualdaketa arautzen duena.

Errege-dekretu hori aplikatzen zaie autonomia-erkidegoen arteko hondakin-garraiatzeei, hondakinei balioa emateko eta deuseztatzeko bitarteko eragiketak egiten dituzten instalazioetara eramatea barnean hartuta.

Arau horren bigarren xedapen gehigarriak honako hau ezartzen du:

“Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2006ko ekainaren 14ko 1013/2006 (EE) Erregelamenduak, hondakinen lekualdaketei buruzkoak, 33. artikuluan ezarritakoa betetzen dela bermatzeko, autonomia-erkidegoek urtebeteko epean, errege-dekretu hau indarrean jarritako egunetik zenbatzen hasita, ezarriko dute bakoitzari dagokion lurraldearen barruan egiten diren hondakin-lekualdatzeak zaintzeko eta kontrolatzeko erregimen egokia. Bestela, erabaki dezakete errege-dekretu hau dagokien lurraldean zuzenean aplikatzea. Autonomia-erkidego bakoitzak bere lurraldean ezarritako zaintza- eta kontrol-erregimenaren berri emango dio hondakinen alorreko koordinazio-batzordeari.

Erregimen horrek koherentea izan behar du errege-dekretu honetan ezarritako lekualdaketa-erregimenarekin. Zehazki, autonomia-erkidego baten barruan hondakinen lekualdatzeei aplikatu beharko zaien erregimenak kontuan hartu beharko du, gutxienez, hondakin-lekualdatze guztiei honako hauek eskatzea: lekualdatzeekin batera eraman behar den identifikazio-agiri bat, hondakinak tratatzeko kontratu bat, baita aldez aurreko jakinarazpena ere, errege-dekretu honen 3.2 artikuluan adierazitako kasuetan autonomia-erkidegoan tratatzearen aurka agertuz gero, lurraldean instalazio egokirik ez dagoelako, edo hondakinei buruzko plangintzan soluziobide alternatiboak aurreikusita daudelako”.

Ingurumen eta Lurralde Politika Saila hondakinen garraioaren alorreko estatuko oinarrizko araudian eta hondakinei buruzko araudi autonomikoan ezarritako xedapenak aztertzen ari da, Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldean hondakinen garraiorako erregimen propioa ezartzeko premia eta egokitasuna egiaztatzeko.

Hasitako hausnarketaldia burutzen ez den bitartean, Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak Euskal Autonomia Erkidegoaren barruko hondakin-garraiatzeetan aplikatuko du aipatutako arauan ezarritako zaintza- eta kontrol-erregimena, etorkizunean organo honek, ingurumenaren alorreko araudia garatzeko eskumenen esparruan, susta ditzakeen erregelamenduzko neurriak ezertan eragotzi gabe.

Euskal Autonomia Erkidegoaren barruan egiten diren hondakin-garraiatze guztiek baldintza hauek bete beharko dituzte:

  1. Garraiatzea hasi aurretik, hondakinak tratatzeko kontratu bat egin behar da, 180/2015 Errege Dekretuak 2.h artikuluan ezarritakoaren arabera. Hondakinak garriatzen badira erakunde juridiko berberak kudeatutako bi instalazioen artean, aipatutako kontratuaren ordez erakundearen adierazpena erantsi ahal izango da, 5. artikuluan zehaztutako edukiak baldin baditu gutxienez.
  2. Hondakinekin batera identifikazio-agiri bat eraman behar da bide guztian, jatorrizko tokitik abiatu eta helmugako instalazioan hondakinak jaso arte. Tokiko erakundeek kudeatutako hondakinak izanez gero, zenbait garraiatze egiteko agiri bakar bat egin dezake operadoreak. Agiri horrek urtebeteko indarraldia izango du gehienez ere, betiere hondakin mota, jatorria eta helmuga bat etorriz gero. Orobat, aldez aurreko jakinarazpena ezinbestekoa izango da hondakin-garraiatze hauetan:
    • Hondakin arriskutsuak garraiatzea.
    • Deuseztatzeko hondakinak garraiatzea.
  3. Hondakin-garraiatzeak balioa emateko erraustegi gisa sailkatutako instalazioetara, uztailaren 28ko 22/2011 Legearen II. eranskineko R1 eragiketan efizientzia energetikoaren formula betetzeari buruz aurreikusitakoaren arabera.
  4. LER 20 03 01 kodearekin identifikatutako etxeko hondakin nahasiei eta erregelamendu bidez ezartzen diren hondakinei balioa emateko garraiatzeak.

Azpimarratu behar da arlo honetan egiten den eragin handiko berrikuntza dela, gaur egungo erregimenarekin alderatuta, arriskutsuak ez diren hondakinak garraiatzeko aldez aurreko jakinarazpena egitea nahitaezkoa izatea.

Aldez aurreko jakinarazpena egitetik salbuetsita daude honako kasu hauek:

  1. Balioa emateko hondakin ez-arriskutsuen garraiatzeak, 20 kg hondakin baino gehiago ez baldin badira.
  2. Laborategian analizatzeko eramaten diren hondakinen garraiatzeak, haien ezaugarri fisiko edo kimikoak ebaluatzeko edo balioa emateko zein deuseztatzeko eragiketetarako egokitasuna zehazteko, 25 kg hondakin baino gehiago ez baldin badira.

Aldez aurreko jakinarazpena garraiatu baino hamar egun lehenago egin behar da, gutxienez.

Behin baino gehiagotan garraiatzeko balioko du jakinarazpenak, baldin eta hondakinek antzeko ezaugarri fisiko eta kimikoak badituzte, eta hondakinen hartzaileak eta harrera-instalazioak berberak badira. Jakinarazpen horri jakinarazpen orokorra esango zaio, eta 3 urteko indarraldia izango du gehienez.

183/2012 Dekretua, irailaren 25ekoa, Ingurumeneko administrazio-prozeduretan zerbitzu elektronikoen erabilera arautzeko eta ingurumenean eragina duten jardueren Euskal Autonomia Erkidegoko erregistroa sortzeko eta arautzeko dena, etenda geratu zen geroago, baina etete horrek ez dio eragiten dokumentu jakin batzuen transmisioari, hala nola hondakinen onarpen-agiriari, kontrol- eta jarraipen-agiriei, eta garriatzeen aldez aurreko jakinarazpenei. Beraz, horiek guztiak IKS-eem sistemaren bidez egin beharko dira.

180/2015 Errege Dekretua 2016ko maiatzaren 7an indarrean jarri ostean, eta estatuan ezarriko den sistemarekin bateragarria izango den sistema berri bat ezarri arte, Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak betetzat joko ditu betebeharrak honako baldintza hauen arabera:

  • Hondakinak tratatzeko kontratua eta lehengo onarpen-agiria baliokideak dira, bai hondakin arriskutsuentzat, bai hondakin ez-arriskutsuentzat.
  • Hondakin arriskutsuen identifikazio-agiria eta lehengo kontrol- eta jarraipen-agiria baliokideak dira.
  • Hondakin arriskutsuen identifikazio-agiria eta lehengo jarraipen- eta kontrol-agiria baliokideak dira.
  • Hondakin arriskutsuen kasuan, aldez aurreko jakinarazpena egingo da lehengo aldez aurreko jakinarazpenaren bidez.
  • Gainerako kasuetan, IKS-eem sistemako onarpen-agiriekin aldez aurreko jakinarazpena bete dela joko da.  Kasu horietan, proposatutako garraiatzearen egokitasuna egiaztatze aldera, ingurumen-organoak aztertuko du, aipatutako agiriez gainera, DSC I. FASEA dokumentua.

Nolanahi ere, trantsizio-garai honetako agirien indarraldiak iraungo du soilik autonomia-erkidegoei agiri-eredu berriak elektronikoki aurkezteko behar diren bitartekoak ezarri arte. Horren ondoren, agiriak ordezkatzeari ekin beharko zaio.

Amaitzeko, 2015/180 Errege Dekretua autonomia-erkidego bati baino gehiagori eragiten dioten hondakin-garraiatzeei aplikatzeari dagokionez, eta arau horretan ezarritako erregimen iragankorraren epea amaitu ostean, adierazi behar dugu Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak jarraitu beharreko prozedurari buruzko informazioa eskatu diola Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioari, eta administrazio horrek jakinarazi duela bere webgunean gai horri buruzko informazioa emango duela laster.

Horrenbestez, Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak Ministerioaren erabakiaren berri emateko har ditzakeen neurriak ezertan eragotzi gabe, interesdun guztiei iradokitzen diegu webgune horri begiratzeko: http://www.magrama.gob.es/es/calidad-y-evaluacion-ambiental/temas/default.aspx.

LABURPEN TAULA (PDF, 137 KB)