Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila

ZIRKULARRA, ERAIKIGARRITASUNA, KUANTIFIKAZIOA ETA BIZITEGI-DENTSITATEAREN GAINEKO ERABAKIAK ARABAKO HERRIXKETAN EZARTZEAREN INGURUKOA.


ZIRKULARRA, EUSKAL HERRIKO LURRALDEAREN ANTOLAMENDURAKO BATZORDEAREN LEHENDAKARIARENA; ERAIKIGARRITASUNA, KUANTIFIKAZIOA ETA BIZITEGI-DENTSITATEAREN GAINEKO ERABAKIAK ARABAKO HERRIXKETAN EZARTZEAREN INGURUKOA, HONAKO XEDAPEN HAUEN ARABERA: LURZORUARI ETA HIRIGINTZARI BURUZKO 2/2006 LEGEA, EAE-KO LURRALDEA ANTOLATZEKO JARRAIBIDEAK ETA ARABAKO LURRALDE HISTORIKOARI DAGOZKION LURRALDEAREN ZATIKO PLANAK.


0. SARRERA.

Azken urteotan, garapen iraunkorraren paradigma sartu da, hainbat mailatako lurzoruaren plangintza fisikoaren prozesuan, lurralde-plangintzan edo hirigintza-plangintzan, eta horrek kezka berri bat ekarri edo nabarmendu du: lurzorua ondasun urri gisa administratzearena.


Dagoeneko, ardura hori agerian geratzen joan da, Lurraldearen Zatiko Planak behin betiko onesteko prozesuan, bizitegien gutxieneko dentsitatearen parametroak sartuta. Une horretara arte gehieneko dentsitateekiko kezka ikusi izan bada, orain, gutxieneko dentsitatearen parametroa sartzeko beharra sortu da, hirigintza-garapen berrietarako.


Lurzoruari eta hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legea onartzeak lege-mailara jaso du gaia, 77. artikuluan gutxieneko eraikigarritasunaren gaineko arau-zehaztapenak planteatzean.

Araba Erdialdeko, Guardiako (Arabako Errioxa) eta Laudioko Funtzio-arloei dagokien Arabako lurraldearen berezitasun bat, herrixkena da. Herrixken inguruan, gutxieneko koordinazio-irizpide batzuk proposatu behar dira, aipatutako Legean eta lurraldearen zatiko planetan ezarritakoaren artean. Koordinazio hori, eraikigarritasunaren eta gutxieneko dentsitatearen ingurukoa izango da, bizitegien kuantifikazioa edo eraikuntza motaren inguruko gaia ahaztu gabe.


1. ARAZOAREN PLANTEAMENDUA ETA ZIRKULARRAREN HELBURUA.

Lurzoruari eta hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 legearen bigarren xedapen iragankorrak, indarrean dagoen plangintza orokorra, legez, automatikoki egokitzen du 77. artikuluan adierazitako eraikigarritasunaren gehienezko eta gutxieneko mugetara.

Xedapen horretatik aurrera, azken hilabeteetan, Arabako hainbat udalek helarazi dizkiote Sail honetako Lurraldearen Antolamendurako Zuzendaritzari hainbat kontsulta, egokitzapen horretan jarraitu beharreko prozeduraren inguruan, eta Arabako herrixken kasuan honako hauek bateragarri egitearen inguruan: Lege horretan ezarritako eraikigarritasunaren gutxienekoak eta Arabako Lurraldearen Zatiko Planetan jasota dauden garapen berrietako gutxieneko bizitegi-dentsitateari dagozkion zehaztapenak, EAEko Lurraldea Antolatzeko Jarraibideen 12. kapituluko 4.11 puntuaren irizpide erreferentzialarekin alderatuta. Jarraibideen puntu hori, udalerrietako gune txikienetako bizitegien gehienezko garapen-gaitasuna lehendik dauden etxebizitzen % 100era mugatzearen ingurukoa da.


Zirkular honen helburua bikoitza da. Batetik, 2/2006 Legeko erabakien eta indarrean dagoen lurralde-plangintzaren laburpen bat egin nahi zaie udalei. Xedapen horiek, bereziki, Arabako herrixken hazkunde berrietan ezarri beharreko gutxieneko eraikigarritasunari eta bizitegi-dentsitateari eragiten diote. Bestetik, Euskal Herriko Lurraldearen Antolamendurako Batzorde honen irizpideak argitu nahi dira, udal-plangintzan bateragarritasuna eta aplikagarritasuna lortzeko.


2. 2/2006 LEGEKO ETA INDARREAN DAGOEN LURRALDE-PLANGINTZAKO ERABAKIAK: ARABAKO HERRIXKETAN ERAGINA DUTENAK

2.1. Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko 2/2006 Legea

2/2006 Legeak, hiriaren hazkunde iraunkorra bermatzeko, lurzorua zentzuz eta modu intentsiboan erabiltzeko agintzen du. Alde horretatik, garrantzi berezia dute, Arabako herrixken kasuan, garapen berrietan aplikatu beharreko gutxieneko eraikigarritasunei dagozkien ondoko erabaki hauek:


• 77. artikuluaren 4. atalak hau ezartzen du: “jarduketa integratuen bidez egikaritzen den hiri-lorzoru finkatugabeko area bakoitzean eta batez ere bizitegietarako erabili behar den lurzoru urbanizagarriko sektoreetako bakoitzean, lurzoru metro koadro bakoitzeko 0,40 metro koadroko sabai-indizea aplikatu sektorearen azaleran –sistema orokorretarako lurzorua zenbatu gabe–, eta horren emaitza izango da sestra gaineko gutxieneko eraikigarritasun fisikoa zuzkidura publikoez bestelako erabileretarako”. Lege horren beraren arabera, parametro hori 0,3 metro koadroko sabai-indizera murrizten da % 15eko edo gehiagoko malda duten lurzoruetan, eta 0,25 metro koadroko sabai-indizera, berriz, “etxebizitza babestuetarako lurzorua gorde beharrik ez duten udalerrietan” (3.000 biztanle baino gehiago ez dituzten udalerriak eta hiri-lurzoruko hirigune jarraituetan 2.000 biztanle baino gehiago biltzen ez dituzten udalerriak).

• Artikulu beraren 6. atalak, aukera ematen du “salbuespen modura, eta udalerriko hirigintzaren baldintzek hala eskatzen dutenean”, Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamendurako Batzordeak aldeko irizpena ematen badu, eraikigarritasun horiek “gehienez ere % 20” txikitzeko baimena emateko (eta horrela, 0,32, 0,24 eta 0,20 metro koadroko gutxieneko sabai-indizeak ateratzen dira, hurrenez hurren, aurreko paragrafoan aipatutako kasuetako bakoitzerako).

• Legearen bigarren xedapen iragankorrak indarrean dagoen plangintza orokorraren egokitzapen automatikoa ezartzen du −legez− (Plan Orokorra edo Arau Subsidiarioak). Legearen 77. artikuluan ezartzen diren eraikigarritasunaren gehienezko eta gutxienezko mugetara egokitzen dira, eta aldatu edo berrikusi egingo direla adierazten da: “udalak uste baldin badu neurri honen aplikazioa ezingo dela modu autonomoan egin aurretiaz bere plangintzaren egitura-antolamendua egokitu gabe, aldatu edo berrikusi –dagokiona– egingo du antolamendua”.

2.2. Lurralde Plangintza

Lurralde-plangintzaren aldetik, garapen iraunkorraren filosofiari eta lurzorua ondasun urri bezala administratzeko filosofiari jarraiki, ondoren 2/2006 Legean jaso den eran, zenbait erabaki ezarri dira, garapen berrien lurralde-ezarpena lehendik dagoen hiri-sistemaren hierarkiarekin koherentea izango den moduan egitea bermatzera bideratuta. Arabako herrixken kasuari zuzenen dagozkionak, hazkunde berrien ereduaren, bizitegien gehienezko kuantifikazioaren, gutxieneko bizitegi-dentsitatearen eta eraikitzeko tipologien alderdietan dute eragina, eta honela zehazten dira:

 

2.2.1. EAEko Lurraldea Antolatzeko Jarraibideak

EAEko Lurraldearen Antolamendurako Artezpideei, otsailaren 11ko 28/1997 Dekretuaren bidez eman zitzaien behin betiko onespena, eta 12. artikuluko 4.11 puntuan, hiri egitura polinuklearren kasurako, honako erreferentziako irizpidea hau ezartzen da: “badauden etxebizitzena baino handiagoa izango ez den etxebizitzen gehikuntza ahalbideratuko da gune horietako bakoitzean”.

2.2.2. Arabako lurraldearen zatiko planak


Lurraldea Antolatzeko Artezpideen erreferentziako irizpide hori Arabako lurraldearen zatiko hiru planetan dago jasota (Guardia eta Arabako Errioxako, Arabako Erdialdeko eta Laudioko LZPak, abenduaren 28ko 271/2004 eta 277/2004 dekretuen bidez eta urtarrilaren 25eko 19/2005 dekretuaren bidez behin betiko onespena eman zitzaienak, hurrenez hurren), eta gune txikietako bizitegien gehienezko garapenaren gehienezko gaitasuna ondoko hau dela ezartzen dute: “% 100, plangintza orokorra edo LZParen egokitzapenaren berrikuspenaren unean lehendik zeuden etxebizitzen kopuruaren arabera kalkulatuta” (31. artikulua eta Arabako Erdialdeko LZParen 5-HBE Hazkunde Berrien Erregulazio Generikoa, Laudioko LZParen 33. artikulua eta Guardia eta Arabako Errioxako LZParen 30. artikulua).

2.2.3 – Laudioko Lurraldearen Zatiko Plana

Laudioko Lurraldearen Zatiko Planean, gainera, honako hau zehazten da: bizitegigune berri txikietarako, “gune bakoitzak, oraingo kokalekuen antzeko neurriak izango ditu, eta ezingo da izan 25 etxebizitza baino gutxiagokoa, ez eta 50 etxebizitza baino gehiagokoa ere” eta “gune bakoitzaren dentsitatea hektareako 15 eta 30 etxebizitzaren artekoa izango da”.

2.2.4 Araba Erdialdeko Lurraldearen Zatiko Plana

Araba Erdialdeko LZPak, bere aldetik, interes bereziko zehaztapen hauek gehitzen dizkio arestian aipatutakoari, Arabako herrixken kasurako. Zehazki:


• “Bizitegien Kuantifikazioa” 5-HBE Hazkunde Berrien Erregulazio Generikoan adierazten denez, lehendik dauden gune txikien hazkundea erregulatzeko, udal-plangintzan honako hauek ezarri behar dira:

- “Parametro lotesle gisa eta herrien ohiko egituraren azterketa morfologikotik, garapen berrientzako gutxieneko dentsitatea sartzea”, eta dentsitate hori hektareako 15 biztanle ingurukoa izatea gomendatzen da (2.f.ii atala).

- “Hazkunde berrietako eraikitzeko modua azpimarratuko da, eta binakako etxebizitzek edo lau etxebizitzako eraikin kolektiboek izango dute lehentasuna, familia bakarreko etxebizitza isolatuen aurretik” (2.f.iii atala).

• “Hazkunde Moduak” 6-HBE Hazkunde Berrien Erregulazio Generikoan, izaera loteslez ezartzen zaie gune txikiei, beren bilakaera-dinamika ez den hiri-garapena aurreikusten ez denean (“Hiri-garapenik gabeko gune txikien finkapena” 6.5-HBE), honako hau: “bizitegien garapen berrietako lurzoru urbanizagarriko sektoreen batezbesteko dentsitatea, hektareako 15-30 biztanle artekoa izango da”.

 

Argitu egin behar da, Araba Erdialdeko LZPko berariazko zehaztapen horiek EHLABak ere erabiltzen dituela, erreferentziazko irizpide gisa, Lurralde Historikoko beste bi funtzio-arloetan dauden gune txikietako bizitegien hazkunde-proposamenak balioesteko.

 

 

3.  ARABAKO HERRIXKETAN 2/2006 LEGEA ETA LURRALDE PLANGINTZA EZARTZEKO EUSKAL HERRIKO LURRALDEAREN ANTOLAMENDURAKO BATZORDEAREN IRIZPIDEAK


3.1. 2/2006 Legearen gutxieneko eraikigarritasunak automatikoki ezarri edo ez

Legearen bigarren xedapen iragankorra ezarriz, finkatu gabeko hiri-lurzoruan sartutako jarduera bakoitzean, eta Legearen 77. artikuluko gutxienekoa baino eraikigarritasun txikiagoarekin proiektatutako bizitegitarako lurzoru urbanizagarriko sektore bakoitzean, irizpide horiei jarraitu beharko zaie, antolamendu xehatua eduki ezean (Plan Berezia edo Zatiko Plana), behin betiko onespena 2006-09-20aren aurretik emanda (Legea indarrean sartu zen eguna da).

Egokitzapena automatikoa izango da (ez da izango beharrezkoa plangintza orokorra aldatzea edo berrikustea), neurri hori berehala ezarri badaiteke (eraikigarritasunaren hazkundea gutxienekoa denean eta etxebizitzen kopurua aldatzen ez denean) eta era autonomoan (plangintzaren antolamendu estrukturala aldez aurretik egokitu gabe).


Bestela, udalerri osoari eragingo dion plangintza orokorra egokitzeko dosier bat bideratuko da, edo, gutxienez, herrigune berean aurreikusitako garapen berri guztiei eragingo diena.


3.2. Araba Erdialderako LZPrako hektareako 15 biztanleko gutxieneko dentsitatearen parametroa loteslea den edo ez

5-HBEan, LZPko Araudiko 2-f-ii atalean, parametro lotesle gisa eta herrien ohiko egituraren azterketa morfologikotik, gutxieneko dentsitatearen parametroa sartu behar dela adierazten da, “eta hektareako 15 biztanle inguruko neurria da gomendagarria”.

Orobat, 6-HBEan, Funtzio Arloaren hiri-sisteman udalerriak duen kategorizazioaren arabera, ondoko hau ezarri da: “bizitegitarako garapen berrien lurzoru urbanizagarriko sektoreen batezbesteko dentsitatea, hektareako 15-30 biztanleren artean ezarriko da”.

Adierazitakoa ikusita, honako hau argitu behar da: gutxieneko bizitegi-dentsitateei dagozkien LZPko zehaztapenak lurzoru urbanizagarriko sektoreentzat lotesleak direla ulertu behar da, eta gomendio izaera izan beharko dutela finkatu gabeko hiri-lurzoruarentzat.

3.3. Araba Erdialdeko LZPan ezartzen den eraikuntza motaren eta eraikigarritasunaren gainean

5- HBEan, LZParen Araudiko 2-f-iii atalean, honako hau adierazten da: hazkunde berrietako eraikitzeko modua azpimarratu behar dela, eta binakako etxebizitzek edo lau etxebizitzako eraikin kolektiboek izango dutela lehentasuna, familia bakarreko etxebizitza isolatuen aurretik.

Alde horretatik, hau ere aipatzekoa da: esparru bateko eraikigarritasuna 2/2006 Legeko gutxienekora egokitzea edo bizitegi-dentsitatea LZPkora egokitzea, Legean jasotako eraikuntza moten doikuntza bati lotuko zaio, eta alde batera utziko da isolatutako familia bakarreko etxebizitzen monolaborantza.  Gai hori funtsezkoa da; izan ere, gutxieneko eraikigarritasuna eta dentsitatea gorantz egokitzea proposa daiteke, eta familia bakarreko isolatutako etxebizitzen eraikuntza mota mantendu. 

Ildo horretan, egokitzapenaren dosierrean binakako etxebizitzen edo lau etxebizitzako eraikin kolektiboen (multzokatuak, atxikiak edo blokean) gutxieneko ehuneko bat sartu beharko litzatekeela uste da, eta ez da izango etxebizitza guztien % 75 baino gutxiagokoa. Erabaki horren ondorioz, besteak beste, familia bakarreko etxebizitza isolatua edo binakako etxebizitzen eraikuntza motak hartuko duen gutxieneko lursailaren parametroa, ez da izango 800 m2 baino gutxiagokoa.

Gai horren haritik, beste hau ere adierazi behar da: binakako etxebizitza motatzat hartzen denak bi etxebizitzak era trinkoan multzokatuta izan behar dituela, eraikuntza-bolumen bakarra eratuz. Alde horretatik, ez dira binakako etxebizitzatzat hartuko bi etxebizitzek bigarren mailako bolumeneko mehelin bat bakarrik partekatzen duten eraikuntzak (normalean, garajearena).


3.4. Eraikigarritasuna edo gutxieneko dentsitatea gune txikien % 100eko gehienezko bizitegi-gaitasunari egokitzearen eraginaren gainean (5-HBE, Araba Erdialdeko LZParen 2-f-iv atala eta Lurraldea Antolatzeko Artezpideen 12. kapituluko 4.11 puntua)

Egokitzapenaren dosierrean erabaki hori betetzearen gaineko azterketa bat jaso behar da.

Udalerriko gune txikietan lehendik dauden etxebizitzen kopurua neurri handian gainditzen bada (guneetakoren batean hazkunde handiagoa oinarritu ahal izateko ezohiko inguruabarren justifikazioa aski denean izan ezik), plangintza berrikusi egin beharko da.


3.5. Udal-plangintza 2/2006 Legeari edo LZPari egokitzeko plangintzaren figuraren gainean (Aldaketa edo Berrikuspena)


Aldaketa edo Berrikuspena egiteko dauden aukeren artean, bidezkoa dela dirudi plangintza-aldaketa batera jotzea, baldin eta:


- Helburua puntuala bada eta gune do herrixka bakarrari eragiten badio (garapen berri guztiak izan beharko dira kontuan, eta bereziki, gune horretan aurreikusitako sektore guztiak).

- Helburua orokorra bada –udalerri osoa izango da kontuan–, baina egokitzeak Sistema Orokorretan eragin handirik ez badu, azterketa orokor bat behar izateraino.

- Gune txikietarako ateratzen den bizitegi-gaitasunak ez du gainditzen lehendik dauden etxebizitzen % 100 (ikusi aurreko atalean dagoeneko azalduta dagoena).

Bestela, plangintzaren berrikuspena bideratu beharko litzateke.

3.6. Erregimen Iragankorra

Batzorde honen irizpidea, indarrean dauden plangintzetako eraikigarritasuna 2/2006 Legearen gutxienekoetara egokitu beharragatiko egoera honetan, Legea indarrean sartu zen egunerako (06-09-20a) kalifikatuta zeuden sektoreetan LZPko gutxieneko dentsitateak ez ezartzea da, dentsitate horiek antolamendu-jarraibide aski desberdin batzuekin pentsatu eta proposatu direlako.


Geroagoko kalifikazioetan, ordea, egokia da arestian aipatutako eran LZPko erabakiak ezartzea (hektareako 15 biztanle inguruko dentsitatea gomendatzen da finkatu gabeko hiri-lurzoruetarako, eta hektareako 15-30 biztanle inguruko batezbesteko dentsitatea nahitaezkoa da bizitegi-garapen berrietako lurzoru urbanizagarriko sektoreetan).

 

Vitoria-Gasteizen, 2008ko martxoaren 6an.

EUSKAL HERRIKO LURRALDEAREN ANTOLAMENDURAKO BATZORDEKO BATZORDEBURUA


Sin. : Esther LARRAÑAGA GALDOS

Azken eguneratzea: 2008/03/10