Eusko Jaurlaritza - Gobierno Vasco

Ingurumen eta Lurralde Politika Saila

Euskadi.eusen sartu

Hasiera

Hemen zaude:
  1. Hasiera
  2.  
  3. Ingurumena
  4.  
  5. Garapen iraunkorra
 
Garapen iraunkorra. Erreferentzia dokumentuak


1972an Stockholmen egin zen biltzarrean lehen aldiz onartu zen nazioartean ingurugiroa babesteak eta hobetzeak garapen ekonomikoan eta munduaren oparotasunean eragina dutela.

Biltzar hori egin baino zertxobait lehenago kaleratu zen "Hazkundearen mugak" Erromako Elkartearen txostenak dagoeneko atentzioa erakarri zuen Lurreko baliabide naturalak agortzearen inguruan eta bere gaitasunaren mugen inguruan.

1987an, Ingurugiroari eta Garapenari buruzko Nazio Batuen Munduko Batzordeak "Gure etorkizun komuna" (Brundtland Txostena izenez ezagunagoa da; Gro Harlem Brundtland, txostenaren lehendakaria, Norvegiako lehen ministroa zen orduan) argitaratu zuen. Txosten horretan ingurugiroaren eta garapenaren arteko lotura datozen hamarkadetan aurre egin beharreko arazo nagusi gisa identifikatu zen. Testuinguru horretan, garapen jasangarria uneko beharrak asetzen dituen garapena da, etorkizuneko belaunaldiei beren beharrak asetzeko gaitasuna arriskuan jarri gabe.

Stockholmen lehen pausoak eman eta hogei urte pasatu ondoren, Lurraren Goi-Bileran, 1992an Rio de Janeiron (Brasil) egin zen Ingurugiroari eta Garapenari buruzko Nazio Batuen Biltzarrean, ondorengo dokumentuetan islatutako nazioarteko akordio ugari lortu ziren:

Horien guztien artean, zalantzarik gabe, Agenda 21 da garrantzi gehien duen dokumentua, izan ere Rioko gailurrean hitzartutakoa gauzatzeko lanerako benetako plan operatiboa da. Beraz, Agenda 21ek esplizitu bihurtzen ditu finantzazioko egutegiak eta aurreikuspenak eta ekintza-mota bakoitzerako eragileak identifikatzen ditu. Agenda 21en filosogiak tokian tokiko jendea partaide izateko eta berei boterea emateko eskatzeko du.

Garapen Jasangarriari buruzko Nazio Batuen Batzordea Lurraren Gailurrean eratu zen gobernuei, Nazio Batuen organismoei eta talde nagusiei, esate baterako merkataritzaren eta industriaren sektoreei, gobernuz kanpoko erakundeei eta gizarte zibileko beste sektoreei, Lurraren Gailurrean lortutako akordioak aplikatzeko hartu beharreko neurriak hartzen laguntzeko.

2002an Johannesburgen egindako Lurraren Goi-Bileran arlo guztietan gobernatzea hobetu eta sendotzeko konpromisoa hartu zen honako hauek lortzeko: 21 Programaren aplikazio eraginkorra, Milurtekoaren garapenerako helburuak eta Goi-Bilerako erabakiak ezartzeko Plana.

Europa mailan, 1992an Ingurugiro Ekintzaren Bosgarren Programa onartu zen, "Ingurugiroaren eta Garapen Jasangarriaren alorretarako Politika eta Ekintza Komunitariorako Programa (1992-2000)"" izena duena. Bosgarren programaren helburu nagusia Rioko Biltzarraren adierazpenetan eta printzipioetan dago oinarrituta: giza jarduerak pixkanaka-pixkanaka izaera jasangarriagoa duten moduetara orientatzea, garapeneko, produkzioko, kontsumoko eta portaerako egungo gidalerroak aldatzearen bidez.

1998an egindako Ingurumen Ekintzako Bosgarren Programaren ebaluazioak jakinarazten du egindako ingurumen-politikaren ondorioz hainbat gauzatan aurrera egin dela, eta nolanahi ere, hainbat arazo garrantzitsutan aurrerapen horiek ez direla izan behar bestekoak. Horrez gain, hurrengo hamarkadan ingurumen-arazo horietako asko desagertu ez ezik areagotzeko aukera ere badagoela adierazten du. Horregatik, ingurumena babesteko baldintzak lehenbailehen integratu behar dira beste politiketan.

Ingurumenari buruzko Europako Erkidegoaren Seigarren Ekintza Programa 2002ko uztailaren 22an onartu zuten Europako Parlamentuak eta Europako Batasuneko Kontseiluak. Programa berri honetan, 2001eko ekainean onartutako Garapen Jasangarrirako Europako Batasunaren Estrategiaren ingurumen-osagaia zehazten da. Estrategia hori Johannesburgeko Goi-Bileran aurkeztu zen. Seigarren Programaren helburua ingurumeneko presioak eta hazkunde ekonomikoa bereiztea edo banatzea da, subsidiariotasun-printzipioarekin koherentzia gorde nahi da eta Europako Batasuneko eskualdeen ezaugarri-aniztasuna errespetatu.

Euskal Autonomia Erkidegoan 2002ko ekainaren 4an Garapen Jasangarriaren Euskal Ingurumen-Estrategia (2002-2020)-Euskal Autononomia Erkidegoko Ingurumeneko Esparru-Programa (2002-2006) onartu zen. Horren xedea euskal gizarteak lortu beharko dituen ingurumen-helburuak finkatzea da, egungo belaunaldien ongizatea arriskuan jarri gabe. Hortaz, administrazioak, ekoizpen-eragileek eta hirritarrek jarduteko jarraibideak finkatzen ditu.

 

Azken eguneratzea: 2008/10/29
Euskadi, auzolana