Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila

Azken eguneratzea: 2012/07/19

EAEko ur masen egoera

EAEko azaleko ur-masen kalitateak hobetzen jarraitu du 2011. urtean, ingurumen-helburuen betetze-maila txikia izan bada ere. EAEko uren egoeraren jarraipen-sareak aukera ematen du dauden ur-masen (hala nola ibaien, aintziren eta hezeguneen, trantsizio-uren, kostaldekoen eta lur azpikoen) kalitate eta kantitatearen inguruko helburu eta programen azterketa, kontrola eta jarraipena egiteko.

IBAIEN EGOERAREN EBALUAZIOA

Ibaien kategoriako 114 ur-masei dagokienez (urtegiak ez dira sartzen), 2007-2011 aldiko 95 ur-masen zuzeneko balioespenak ditugu (80 masa naturaltzat hartzen dira, eta 15 oso aldatutzat). 95 masa horiek erreferentzia gisa hartuta, helburuen betetze-maila txikia izan da. 2007-2009 aldian, emaitza orokorren nolabaiteko egonkortasuna diagnostikatu zen. Ondoren, 2010. urtean hobetzeko joera hasi zen, eta 2011. urtean berretsi edo hobetu egin da joera hori.

Egoera ekologikoari dagokionez, 2011. urtean ibaien kategoriako ur-masen % 34,7k bete ditu egoera ekologiko egokia edo oso egokia lortzeko ingurumen-helburuak (% 21,1ek 2007. urtean). Era berean, 2011. urtean ur-masa naturalen % 38,8k bete ditu egoera ekologikoari lotutako ingurumen-helburuak (% 25,1ek 2007. urtean). Oso aldatuta dauden ur-masen kasuan, 2009an eta 2010ean hasi ziren identifikatzen oso aldatuta zeuden eta ahalmen ekologiko egokian eragina duten ur-masak, eta 2011. urtean % 13,3ko proportziora iritsi dira (% 0 2007. urtean). Egoera txarrak eta eskasak beheranzko bilakaera izan dute. 2007. urtean, masen % 49 diagnostikatu zen talde horietan (% 41 naturalak eta % 53 oso aldatuak), eta 2011. urtean, berriz, % 36 (% 33 naturalak eta % 53 oso aldatuak).

Egoera edo ahalmen ekologikoari lotutako helburuen ez-betetzeak adierazle biologikoei (egoera biologikoari) lotutako egoeraren isla dira, oro har. Baldintza fisiko-kimiko orokorrek (IFQ-R indizeak) adierazten dutenez, 2011. urtean ur-masa naturalen % 81,3k eta oso aldatuta dauden ur-masen % 40k bete ditu ingurumen-helburuak; balio horiek egonkor samarrak izan dira azken urteotan.

Egoera kimikoari dagokionez, 2007. urtean helburuen betetzearen proportzioa % 94,7ra iritsi zen, eta 2011. urtean, berriz, % 82,1era. Ur-masa naturalen % 15 eta oso aldatuta daudenen % 33 ez da egoera kimiko egokira iritsi 2011ko kanpainan. Nolanahi ere, aztertutako urteetan egoera egonkorra izan dela esan daiteke.

Egoera orokorrari dagokionez, helburuen betetzea % 21,1etik % 32,6ra igo da 2007tik 2011ra bitarte. Oso aldatuta dauden ur-masen kasuan, 2007. urtean egoera orokorrari lotutako helburuen ez-betetzea erabatekoa izan zen, eta 2011. urtean, berriz, % 13,3ra iritsi da betetzea. Ur-masa naturalen kasuan, berriz, egoera orokorrari lotutako helburuen betetzea % 25etik % 36,3ra igo da 2007tik 2011ra bitarte.

AINTZIREN ETA BARNEALDEKO HEZEGUNEEN EGOERAREN EBALUAZIOA

Oro har, bilakaera positiboa dela dirudi, baina oraindik ez da nahikoa. 2001/2002ko ziklo hidrologikotik aurrera aztertutako 14 hezeguneetatik, lehen zikloan % 7k baino ez zituen bete ingurumen-helburuak. Azken zikloetan, berriz, hezeguneen % 21-29k bete ditu helburu horiek. Nolanahi ere, aztertutako azken ziklo hidrologikoetan emaitzak egonkorrak izan direla esan daiteke. Aintziren eta hezeguneen kategoriako lau ur-masetatik, Monreal urmaelak baino ez ditu bete ingurumen-helburuak 2010/2011ko ziklo hidrologikoan.

TRANTSIZIO UREN EGOERAREN EBALUAZIOA

Trantsizio-ur guztietarako helburuen balioespen-azterketaren arabera, betetze-maila txikia da oraindik (% 57 2011. urtean). Zehazki, 2011. urtean, oso aldatuta dauden lau ur-masetako batek (% 0k 2007an) eta hamar ur-masa naturaletako zazpik (% 20k 2008an) bete dituzte egoera orokorrari lotutako helburuak.

Trantsizio-uren egoera/ahalmen ekologikoari dagokionez, 2011. urtean trantsizio-uren kategoriako ur-masa naturalen % 70ek bete ditu egoera ekologiko egokia edo oso egokia lortzeko ingurumen-helburuak (% 20-40k 2008-2010 aldian). Oso aldatuta dauden ur-masen kasuan, 2011. urtean trantsizio-uren kategoriaren barruan oso aldatuta dauden ur-masen % 50ek bete ditu ahalmen ekologiko egokia edo handiena lortzeko ingurumen-helburuak (2007. urtean, berriz, ezein ur-masak ez zituen bete helburu horiek). Egoera kimikoari dagokionez, trantsizio-uren kategoriako ur-masa naturalen % 20 inguru ez da egoera kimiko egokira iritsi. Trantsizio-uren kategoriaren barruan oso aldatuta dauden lau ur-masetako bi ez dira iritsi egoera kimiko egokira 2011. urtean.

KOSTALDEKO UREN EGOERAREN EBALUAZIOA

Kostaldeko uren kategoriako lau ur-masei dagokienez (guztiak naturalak dira), 2007-2011 aldian guztien zuzeneko balioespenak lortu dira 16 kontrol-estazioren bidez.

Kostaldeko uren kategoriaren barruan azken urteotan zuzeneko balioespenak egin zaizkien lau ur-masak kontuan hartuta, Euskal Autonomia Erkidego osorako esan daiteke 2007-2011 aldian emaitzak egonkorrak izan direla, eta, beraz, egoera ekologikoari lotutako ingurumen-helburuen betetze-maila handia izan dela. 2011. urtean, kostaldeko uren kategoriako lau ur-masek bete dituzte egoera ekologikoari lotutako ingurumen-helburuak.

Egoera kimikoaren kasuan, kontrol-estazio gutxi batzuek baino ez dute agerian utzi kalitate-arauen ez-betetzea, eta, beraz, egoera kimiko egokirik eza. Edonola ere, aztertutako lau urteetan egoera egonkorra izan dela esan daiteke.

Informazio gehiago: