Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila

Azken eguneratzea: 2012/12/12

Euskal Autonomia Erkidegoko Berotegi Efektuko Gasen isurketen inbentarioa

Berotegi-gasen isuriak, CO2-baliokidetan neurtuak, aurreko urtearen aldean % 5 gutxitu dira 2011n, hau da, balio absolututan, 20,5 milioi tona, 2010eko 21,5 milioien aldean.

Horrela, Kiotoko Protokoloko erreferentzia oinarriko urteko - % 2,6 da[1]; aldiz, + % 14ko helburua du Klima Aldaketaren aurkako Euskal Planak 2008-2012 artean.

Aurreko urtearen aldean 2011ko isuriak jaisteak lotura zuzena du energia elektrikoaren ekoizpena jaistearekin, bai eta industriako, bizitegietako eta zerbitzuetako kontsumoak jaistearekin ere.

Batetik isuriak jaisteak (- % 5) eta bestetik Barne Produktu Gordina igotzeak (+ % 0,6) esan nahi du 2002an hasitako joerari eusten zaiola: Euskadiko isuriak gutxituz joan dira, hau da, gutxiago isurtzen dugu ondasunen eta zerbitzuen ekoizpen-unitate bakoitzeko.

Hona hemen sektore isurle nagusien egoera eta bilakaera[2].

Energiaren sektorea

EAEko isurien % 40 botatzen du (bai EAEko instalazioenak, bai sistema elektrikoaren beste instalazioei dagokiena).

Sektore honen isuri zuzenak % 17 jaitsi dira aurreko urtearekiko, gehienbat elektrizitate gutxiago sortzen delako. Kontuan hartzen baditugu EAEn dauden instalazioen eta kanpotik ekarritako elektrizitatearen isuriak, horiek % 1 hazi dira azkeneko urtean, energia elektriko gehiago ekartzen delako, eta sortutako kWh bakoitzak sortzen duen CO2-aren ratioagatik[3].

1990etik hona, ekoizpen-teknologia hobetuz joan da: gutxitu egin da ekoitzitako kWh bakoitzak isuritako CO2-a; aldiz, per capita kontsumoa proportzio handiagoan hazi da (1990etik 2007ra gora egin du, 2010ean ere bai, eta 2011n behera egin du). Kontsumoa hazi da, batik bat, zerbitzuetan, bizitegietan eta industrietan (azken horren kontsumoa 1990 eta 2004 artean hazi egin zen, 2004tik aurrera berdin mantendu, 2009an gogotik gutxitu, 2010ean berriro hazi, eta jaisten hasi zen 2011n).

Garraioaren sektorea

EAEko emisioen % 25 botatzen du. Sektore honen isurien % 96 inguru errepideko garraioen ondorio dira. % 60 inguru turismoek sortzen dute, eta gainerako ia % 40 merkantzien garraioak.

Isuriak gutxitu egin dira aurreko urtearen aldean, laugarren urtez jarraian.

1990ekoen aldean, merkantzien garraioko isuriak nahiz bidaiarien joan-etorrietako isuriak ia bikoiztu egin dira, eta emendatzerik handienak turismoen erabileran gertatu dira, bai eta diesel ibilgailu arinen bidez egindako merkantzia-garraioan ere.

Aurrerapen teknologikoen ondorioz, ibilgailuek gero eta erregai gutxiago kontsumitu eta isuri gutxiago sortzen dituzte, baina urtez urte haziz joan da errepideetako emana (batik bat ibilgailu pribatuari lotua).

Industriaren sektorea

EAEko isurien % 22 botatzen du (zuzeneko isuriak), baina kontuan hartzen baditugu kontsumitzen duen elektrizitateari lotutako isuriak (zeharkako isuriak) % 38 botatzen du.

Zuzeneko isuriak % 16 gutxitu dira aurreko urtearekiko.

Isuriak % 41 jaitsi dira 1990ekoekiko, sektoreko eraldaketaren eta aldaketa teknologikoaren ondorioz.

Gehien isurtzen duten azpisektoreak dira siderurgia, zementua eta orea eta pasta, isurtze-eskubideen merkataritzako datuen arabera.

Bizitegien eta zerbitzuen sektorea

Bizitegien eta zerbitzuen sektoreak EAEko berotegi-gasen % 7 isurtzen du (zuzeneko isuriak). Kontuan hartzen baditugu kontsumitzen duen elektrizitateari lotutako isuriak (zeharkako isuriak) % 16 botatzen du.

Zuzeneko isuriak jaitsi egin dira 2010ekoekiko, gutxiago kontsumitzen direlako gas naturala eta petrolioaren deribatuak.

Bizitegien sektoreak % 22 igo ditu zuzeneko isuriak 1990etik hona, eta zerbitzuen sektoreak % 111 igo ditu.

 


[1] Oinarriko urtetzat hartzen da, Kiotoko Protokoloaren arabera, 1990eko CO2, N2O eta CH4 isuriak eta 1995eko SF6, HFC eta PFC isuriak.

[2] Sektore isurle nagusien ondorio nagusiak bakarrik laburtzen dira txosten exekutibo honetan. Ikuspuntu xume eta ulerterraz bat eskaini nahi du, herritarrek isurien egoera eta bilakaera ezagutu dezaten. Horregatik sinplifikatu da azterketa, eta sektore guztiei buruzko datu eta informazio zehatzarekin osa daiteke.

[3] Azken urtean, sortutako kWh bakoitzeko CO2 isurien ratioa okertu egin da Espainian, energetikoki intentsiboagoak diren teknologiak erabili direlako (ikatza).

Estatistikak: