Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila

Azken eguneratzea: 2012/04/18

Ingurumen eta lurralde estatistiken ataria jarri da abian

2010ean, Euskal Autonomia Erkidegoko biztanle bakoitzeko 9,9 tona CO2 isuri ziren atmosferara batez beste, 491 kg hiri hondakin sortu, eta arnastu zen airea kalitate onekoa zen urteko egunetako %99,2, 251 herritik 247 herritan. Horrez gain, bizitegi erabilerarako zuzendutako azalera, hirigintza plangintzaren arabera, 115 hektarea handitu zen, eta azaleko ur masaren egoera ekologikoak hobera egin zuen aurreko urteei dagokienez.

Intereseko datu horiek guztiak eta askoz gehiago Ingurumena, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren “ingurumen eta lurralde estatistiken atarian” kontsulta daitezke, eta bertan, argitaratutako nekazaritza eta arrantza estatistika ugariekin batera, sailaren estatistika datuen eskaintza osatzen dute.

Ingurumena estatistika ofizialetik kanpo egon ohi den jakintza gaia da.  Hala ere, politika publikoen diseinu, jarraipen eta kontrolean ingurumenak duen garrantzia gero eta handiagoa denez, estatistiken beharra gero eta handiagoa da.  Horrela, nazio eta eskualde erakundeez gain, nazioz gaindiko organismoek ere, Eurostat adibidez, gero eta garrantzia handiagoa ematen diote ingurumenaren estatistika ofizialari eta konbergentzia eta garapeneko zehar estrategien jarraipenari.

Airearen kalitatea, kontsumo jasangarria, berotegi-efektuko gasen emisioak edo hondakinak eta, orokorrean, ingurumen jarduketaren eremuak gero eta informazio emari garrantzitsuagoak dira, eta sistematikoki jaso behar dira informazio erabilgarria izan daitezen.  Eta beharrezkoa da ingurumarian gertatzen diren prozesuak zehatzago ulertzeko eta aztertzeko eta ahal dela, sortutako ingurumen arazoak egoki konpontzeko.

Sailean garatzen diren estatistika eragiketak ezartzeko prozesuaren ondorioz, estatistika atariaren  gune nagusia osatzen duten estatistika taulak landu dira.  Bertan, ondoko datuak aurki daitezke: hondakin mota desberdinen kudeaketa eta produkzioa, airearen eta uraren kalitatearen eboluzioaren bilduma, berotegi-efektuko gasen Zerrendaren datuak, lurralde plangintzaren sintesia edo ingurumen adierazleak, besteak beste.