Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila

Argitalpen-data: 2016/05/07

Etxebizitzaren Euskal Behatokiak aipamen berezia jaso du demokrazia parte-hartzailearen Nazioarteko Behatokiaren eskutik

Eusko Jaurlaritzak etxebizitzaren arloan abian jarritako herritarren parte-hartzeak beste nazioarteko errekonozimendu bat jaso du

Epaimahaikideek aipamen berezia eman diote 2013-2016 aldirako Etxebizitzako Plan Zuzentzailearen barneko partaidetza-prozesuari, 15 herrialdeko 35 hautagai aztertuta.

Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren «Zure etxebizitza, gure konpromisoa» proiektu parte-hartzaileak aipamen berezia jaso du Demokrazia Parte-hartzailearen Nazioarteko Behatokiak 2016an emandako nazioarteko sarietan (PDF, 4 MB). Nazio Batuek zerbitzu publikoen bikaintasunari emandako nazioarteko errekonozimenduari gehitu behar zaio hori.

Eusko Jaurlaritzaren partaidetza- eta gardentasun-politikari bultzada eman dio Demokrazia Parte-hartzailearen Nazioarteko Behatokiak emandako saria. Behatoki hori munduko 600 hirik, erakundek, elkartek eta interpretazio-zentrok osatzen dute, guztiek ere toki-esparruko demokrazia parte-hartzailearen gaineko esperientziak elkarri ezagutarazteko eta aplikatzeko asmoarekin, eta gobernuak demokratikoagoak izateko eta politika publikoak aberasteko. Aurten, sariak banatzeko ekitaldia Matolan (Mozanbike) egin da, Demokrazia Parte-hartzailearen Nazioarteko Behatokiak maiatzaren 4tik 6ra bitartean egin duen nazioarteko biltzarreko lan-saioetan.

Sare horrek askotariko kideak ditu, munduko bazter guztiak barne hartzeko, eta egitura deszentralizatua. Europako Batzordearen URB-AL programako Lankidetza Deszentralizaturako proiektuaren barnean sortu zen. 52 herrialdeko 547 hiri, 310 toki-gobernu, 237 unibertsitate, ikerketa-zentro eta elkarte dira, sarean antolatuta. Mundu-mailako erreferentzia da, ezagutza-ekoizpenari dagokionez (demokrazia parte-hartzailearen I+G), eta Etxebizitzaren Euskal Behatokia aspaldi kidetu zen.

Demokrazia Parte-hartzailearen Nazioarteko Behatokiak herritarren parte-hartzeari buruzko jardunbide egokiaren aipamena ematen die demokrazia parte-hartzailearen esparruan ekimen berritzaileak abian jartzen dituztenei, ekimenok toki-esparruan gauzatzen badira, eta herritarren parte-hartzea eta inplikazioa areagotzen badute politika publikoak osatzeko eta ezartzeko garaian.

Partaidetza-proiektua

Enplegu eta Gizarte Politiketako Saila, Etxebizitzaren Euskal Behatokiak herritarrek parte-hartzeko abian jarritako «Zure etxebizitza, gure konpromisoa» prozesuak esperientzia berriak ezagutu ditu gizarte-berrikuntzan, transferigarritasun, jasangarritasun eta gardentasun demokratikoan eta, nagusiki, entzute aktiboan eta konpromiso partekatuan. Parte hartu duten milaka herritarrek oso balorazio positiboa egin dute prozesuaren gainean.

Etxebizitzaren Euskal Behatokiak aurkeztu duen proiektuak barne hartzen du herritarrek etxebizitza-politika publikoak diseinatzen parte hartzea; alegia, x. legegintzaldirako Eusko Jaurlaritzaren etxebizitza-arloko estrategia nagusian.

Prozesu parte-hartzaile horren bitartez, Etxebizitzaren Euskal Behatokiak bi helburu bete nahi izan ditu:

  1. Herritarrekin eta agente adituekin aztertzea Eusko Jaurlaritzak 2013-2016 aldirako Etxebizitzako Plan Zuzentzailearekin abian jarri nahi zituen etxebizitza-politiken gaineko printzipio estrategiko eta jarduteko ildo nagusiak.
  2. Herritarren ideia eta proposamen berritzaileak hautematea, 2013-2016 aldirako plan zuzentzaile horren zirriborroan jada aurrezarritako ekintzak hobetzeko eta osatzeko.

Hala bada, plan zuzentzaile hori guztien lanaren fruitu da, 17.000 ekarpen egin baitituzte parte-hartzaileek, tartean, inkestak, proposamenak eta iruzkinak. Era berean, xede horretarako sortutako webguneetan 16.000 orrialde bisitatu dira eta informazio-guneak ezarri eta birgaikuntza-tailerrak eskaini dira, herritarren eta profesionalen premiak eta iradokizunak bertatik bertara ezagutzeko.

Etxebizitzaren Euskal Behatokiaren iritzian, lankidetza publiko-pribaturako sistema berri bat sortu behar da, politika publikoa diseinatzean ager daitezkeen gatazkak ebazteko eta interes-taldeekin, adituekin, akademikoekin eta herritarrekin ezarritako harremanak iraunarazteko.