Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila

Argitalpen-data: 2015/03/16

ASAP programak alokatu daitezkeen 77 etxebizitza ditu

Eusko Jaurlaritzak Merkatu Libreko Etxebizitzen Alokairurako Bitartekaritza Programa, ASAP Programa, abiarazi zuen 2012an. Programa honen helburu nagusia titulartasun pribatuko etxebizitza hutsak merkatuan errentarientzako prezio onargarrian alokagai ipintzea da.

Programa honek abantailak dakarzkie errentariei; izan ere, Eusko Jaurlaritzak alokairuen gehieneko errentak finkatuko ditu, merkatu librean baino prezio baxu eta lehiakorragoak bermatuz.

2014ko urriaren 1etik aurrera, Etxebide Erregistroan izena emanda duzuenok eta alokairuko etxebizitza bat eskatzen duzuenok Etxebideren webgunearen bitartez egin ahal izango duzue eskaera bat.

ASAP Programaren bitartez etxebizitza bat alokatzeko interesa duzuenok honako betekizun hauek bete behar dituzue: 

  • Etxebide Erregistroan izena emanda egotea eta alokairuko etxebizitza bat eskatzea.
  • Urtero sarrera haztatuak 12.000 eta 39.000 euro artekoak izatea.
  • Zorrik ez edukitzea errentak ez ordaintzeagatik.
  • Etxebizitzen errentak urteko sarrera haztatuen % 30 ez gainditzea.

Betekizun hauek, kontratua sinatzerako momentuan ere justifikatu beharko dira.

Etxebizitza bat eskatzeko, Etxebideren webgunearen bitartez egin behar duzue eskaera, dela zuzenean, dela dagokion eragile kolaboratzailearen bidez. Horiek dira, bada, etxebizitzen jabeen eta errentarien artean bitartekari-lanak egingo dituztenak.

Euskal Autonomia Erkidegoko edozer udalerritako etxebizitza bat eska dezakezue, Etxebideren etxebizitza-eskaeran eskatu dituzuen udalerriak gorabehera.

Momentu honetan 77 etxebizitza daude Etxebideko webgunean argitaratuta: 16 Araban, 43 Bizkaian eta 18 Gipuzkoan.

Informazio gehiago nahi izanez gero, jo www.etxebide.euskadi.eus, webgunera, non etxebizitzen inguruan informazioa izango duzue, errenta, kokapena eta gelen kopurua zehaztuz, argazkiekin batera.