Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila

Argitalpen-data: 2017/09/08

Etxebizitza Sailak Sareb-en jabetzako 10 etxebizitzaren kudeaketa hartuko du bere gain alokairu sozialean jartzeko

Sinatutako hitzarmenak lau urteko iraupena du eta luzatu egin daiteke. Alokabidek kudeatuko dituen etxebizitzak Barakaldon, Sestaon, Basaurin, Galdakaon, Vitoria-Gasteizen, Oionen, Araian eta Urizaharran daude.

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak Bankuak Berregituratzetik datozen Aktiboak Kudeatzeko Elkartearen (Sareb) hamar etxebizitzaren kudeaketa hartuko du bere gain, alokairu sozialera bideratzeko, erakundearekin sinatutako hitzarmenak ezartzen duen bezala. Sarebek egindako etxebizitzen erabileraren lagapenak lau urteko epea, luza daitekeena, aurreikusten du, eta haren xedea da 2015eko Etxebizitzari buruzko Legeak aitortutako eskubideak indarrean jartzearen ondorioz sortutako betebeharrei erantzutea.

Lagatako etxebizitzak Alokabide alokairu-sozietate publikoak kudeatuko ditu, eta etxebizitza sozialeko eskari handia dagoen Euskal Autonomia Erkidegoko udalerrietan daude. Zehazki, Barakaldon, Sestaon, Basaurin, Galdakaon, Vitoria-Gasteizen, Oionen, Araian eta Urizaharran daude.

Sarebekiko lankidetza Iñaki Arriolak zuzentzen duen Etxebizitza Sailak alokairu sozialeko etxebizitza-parke publiko nahiko bat sustatzeko politikaren barruan dago, bitartean beste bide batzuk erabiliz, hala nola eskariari erantzuteko etxebizitza hutsak atzematea. Akordioak bi aldeek 2015eko uztailean sinatutako izaera bereko beste bat eguneratzen du, gauzatu ez zena.

Sareben etxebizitza bakoitzaren gozameneko lagapenagatik, hileko 125 euroko kantitate finko bat jasoko du Alokabidetik, zergarik gabe, hitzarmenean ezartzen den bezala. Bestetik, lagapenaren xedea arrazoizko alokairuko etxebizitza-eskaintzaren eskasia arintzea denez, Alokabidek konpromisoa hartzen du etxebizitzak alokairu sozialerako dagoeneko aplikatzen dituen irizpideekin alokatzeko. Hots, errentaren zenbatekoa ezingo da izan hileko 150 eurotik beherakoa eta 400 eurotik gorakoa; eta, nolanahi ere, errentamenduaren zenbatekoak ez du gaindituko familia-unitate esleipendunaren diru-sarrera gordinen % 30.

Argiaren, uraren eta gasaren horniduren alta pertsona errentatzaileek emango dute edo, hala badagokio, Alokabidek; kontsumoak, berriz, errentatzaileek hartuko dituzte beren gain. Hitzarmenak lau urteko iraupena du eta urtebeteko epeetarako luza daiteke aldeen berariazko adostasunez. Hitzarmena amaitutakoan, Sarebek etxebizitzaren erabilera berreskuratzea erabakitzen badu, konpromisoa hartzen du data horretan indarrean den errentamenduari amaiera arte eusteko.