Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila

Argitalpen-data: 2017/09/27

Etxebizitza Sailak 34 apartamentu eraikiko ditu Irunen gazteentzat

Udalekin lankidetzan egindako alokatzeko zuzkidura bizitokiak Etxebizitza Sailaren apustu bat dira, eta gazteei emantzipatzen laguntzeko formula eraginkorra dira

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saila arduratuko da, Irungo Udalak proposatuta, alokairuan esleitzeko 34 zuzkidura etxebizitza eraikitzeaz Irungo Oñaurre auzoan, eta nagusiki gazteentzat izango dira. Helburu horrekin sinatuko dute laster Sailak eta Udalak lankidetza-hitzarmen bat, eta bertan ezarriko dituzte Udalak lursaila lagatzeko klausulak eta bi administrazioek hartuko dituzten konpromisoak.

Apartamentu horiek batuko zaizkie Sailak Irunen eraikiko dituen alokairurako 43 etxebizitzari, zehazki Alberto Larzabal eta Aduana kaleen  elkargunean.

Udalekin lankidetzan eraikitako eta alokairuan esleitzeko zuzkidura bizitokiak Etxebizitza Sailak egindako apustua dira, eta Iñaki Arriola sailburuaren hitzetan "gure seme-alabei emantzipatzen laguntzeko formularik eraginkorrena dira, euren premietara egokitutako eta eskuratzeko moduko lehenengo etxebizitza izateko aukera ematen baitiegu”.

Horregatik, alokatzeko zuzkidura bizitokiak gehienez bost urtez aloka daitezke, horien helburua ez baita etxebizitza esleitzen zaien gazteak apartamentu horietan mugarik gabe geratzea; baizik eta denbora horretan familian bizitzeko behin betiko etxebizitza aurkitu ahal izatea, alokairuan edo jabetzan, eta utzitako apartamentua beste gazte batek hartu ahal izatea.