Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila

Etxebizitza Sailak eta Azpeitiko Udalak antzinako Mirabeen komentuan gazteentzako 45 apartamentu eraikitzea hitzartu dute

  • Arkitektura-balioengatik babestutako eraikin batean zuzkidura-bizitokiak eraikitzen diren lehen aldia da Euskadin
  • Zuzkidurak 3,5 milioi eurotik gorako aurrekontua izango
  • Iñaki Arriolak zuzentzen duen Sailaren apustuetako bat gazteei etxebizitza lortzeko aukera ematea da, eta, horretarako, berrehun zuzkidura-bizitoki baino gehiago jarri ditu abian Gipuzkoan

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburu Iñaki Arriolak eta Azpeitiko alkate Eneko Etxeberriak Gipuzkoako herri horretan alokairurako 45 babes-etxebizitza eraikitzeko hitzarmen bat sinatu dute gaur goizean.

Hitzarmen horren bidez, udalerrian gazteek –bereziki– etxebizitza egoki bat lortzeko duten arazoari erantzun nahi zaio. Zehazki, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak 45 zuzkidura-bizitoki eraikiko ditu Azpeitiko Udalak doan lagatako Jesusen Bihotzaren Mirabeen komentuko hegal batean, eta bizitoki horien alokairua Alokabidek kudeatuko du. Horren bidez, gizarte-eskari bati erantzuteaz gain, antzinako komentua zaharberrituko da eta herriko kultura-ondarea babestuko da. Lehendik zegoen (eta, gainera, bere arkitektura-balioengatik monumentu izendatzeko prozesuan dagoen) eraikin batean gazteentzako apartamentuak eraikitzen diren lehen aldia da Euskadin.

2018. urtean, eraikuntza-proiektua idatziko da, eta, aurreikusitakoaren arabera, 2019an hasiko da obra. Eraikuntzak 3,5 milioi eurotik gorako aurrekontua du.

Etxebizitza horiek esleitzeko, Euskadiko araudian ezarritako baldintzei eta betekizunei jarraituko zaie. Zuzkidura-bizitokien alokairurako aurreikusi den gehieneko epea bost urte da, asmoa ez baita gazte esleipendunak apartamentu horietan behin betiko geratzea, aldi horretan familiartean bizitzeko etxebizitza egonkorrago bat aurkitzea baizik (jabetzan edo alokairuan). Eta libre uzten duten apartamentua beste gazte batek hartu ahal izatea.

Gaur egun, Azpeitian etxebizitza eskatzen duten 386 pertsona daude Etxebideren zerrendetan. Gehienek (306k) alokairuko etxebizitza eskatzen dute. Ildo horretan, Arriola sailburuak balioa eman nahi izan dio erakundeen laguntzari, funtsezkoa baita pertsona guztiek etxebizitza duina lortzeko dagoen arazoari erantzuteko, gizarte-eskaririk premiazkoenetako bat dela kontuan hartuta. Sailburuak adierazi duenez, premia hori “bereziki sentitzen da beren premietara egokitutako etxebizitza bat lortzeko aukera eta emantzipatzeko eta bizi-proiektu propioari ekiteko baliabideak eskatzen dituzten gazteen kasuan”.

Iñaki Arriolak zuzentzen duen Sailaren apustu nagusietako bat gazteei etxebizitza lortzeko aukera ematea da, eta, sustapen honen bidez, berrehun zuzkidura-bizitoki baino gehiago egongo dira Gipuzkoan.

Bere aldetik, Azpeitiko alkate Eneko Etxeberriak azpimarratu du azpeitiar herritarren etxebizitzarako eskubidea, hau da, oinarrizko eskubide hori, praktikan gauzatzea ahalbidetuko dela; horrela, “aurrerakoiagoa den politika batean sakondu ahal izango da eta, era berean, udalerriko eraikin historiko bat balioetsi eta babestuko da”.

2018ko otsailaren 15a