Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila

Erakusketa batek Euskadin 1981. urteaz geroztik etxebizitza publikoaren arloan garatutako politika berrikusten du

  • ‘Housing the Basque Country (Vivienda Pública en Euskadi / Euskadiko Etxebizitza Publikoa) 1981-2018’ erakusketa gaurtik ekainaren 30era bitarte egongo da zabalik Bilboko Bizkaia Aretoan, mahai-inguru eta haurrentzako tailer batzuekin osatuko den programa baten barruan.
  • Erakusketa horrelako ezaugarriekin antolatu den handiena da, eta 1981etik 2018ra bitarte eraikitako 30 sustapenik berezienekin osatutako sorta bat eskaintzen du, Luis Asínen argazkiekin eta etxe baten barnealdearen eskalako erreprodukzio batekin batera.
  • construidos y las personas que los habitan.

Euskadi etxebizitza publikoen eraikuntzaren buru izan da azken lau hamarkadetan, 1981ean eskumenak transferitu zirenetik. Harrez geroztik, babes ofizialeko 104.000 etxebizitza baino gehiago eraiki dira, eta, haietatik, herenak (35.200) Eusko Jaurlaritzak sustatu ditu zuzenean.

‘Housing the Basque Country (Vivienda Pública en Euskadi / Euskadiko Etxebizitza Publikoa) 1981-2018’ erakusketak etxebizitza publikoen azken 37 urteak berrikusten ditu, eta gizarte-etxebizitzak, etxebizitza babestuak, tasatuak eta itunduak biltzen ditu. Gaurtik, maiatzak 3, ekainaren 30era bitarte egongo da zabalik Bilboko Bizkaia Aretoan.

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburu Iñaki Arriolak gaur arratsaldean zuzenduko du erakusketaren hasiera-ekitaldia, ehunka gonbidaturen aurrean. Horien artean, Etxebizitzako sailburu izandako batzuk izango dira.

Arriola sailburuak adierazi duenez, erakusketa ez da arkitekturako erakusketa soila, ez baita hautatutako eraikinen arkitektura-balioak erakustera mugatzen; aitzitik, eraikitako espazioen eta bertan bizi diren pertsonen arteko harremana ere ikertzen du. “Ezin da ahaztu pertsonek ematen diotela zentzua etxebizitzari, eta hori oso kontuan hartu da Eusko Jaurlaritzak garatutako politiketan (gure autogobernuaren lehen urteetan eskumen horren kargu egin zenez geroztik), baita gure Etxebizitzaren Legean ere”.

Hiru areto

‘Housing the Basque Country’ (HBC) erakusketa UPV/EHUko Paraninfoko hiru areto handitan banatuta dago. Areto bakoitza ikuspegi desberdin batetik hurbiltzen da etxebizitza publikora. Chillida aretoaren izenburua ’30 proiektu’ da. Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban 1981. urteaz geroztik eraikitako etxebizitza publikoko ehunka sustapenetatik, aldi horretako bereizgarriak diren hogeita hamar proiektu berezi hautatu dira, hainbat irizpideri jarraikiz. Irizpide horien artean, arkitektura-balioak eta balio estetikoak, lurralderako egokitze-maila, ekarpen teknikoak, eraikuntza-ekarpenak eta proiektuaren egileak azpimarratu behar dira.

Bizkaiko sustapenei dagokienez, Bilboko Txurdinaga, Mina del Morro eta Bolueta auzoetan eta Abanton (zaharrena), Etxebarrin, Barakaldon, Basaurin, Loiun eta Arrigorriagan eraikitakoak ikus daitezke. Gipuzkoan, Donostiako Intxaurrondo eta Bentaberri auzoetako, Ordiziako eta Hernaniko proiektuak jasotzen ditu erakusketak. Araban, berriz, Gasteizko Lakua, Salburua eta Zabalgana auzoetako eraikinak eta Laudio eta Aguraingo proiektuak daude ikusgai.

Erakusketa doakoa da, eta formatu handiko argazkien eta jatorrizko planoen bidez azaltzen ditu hautatutako 30 proiektuak. Halaber, eraikinen maketa batzuk daude. Haietako hiru tamaina handikoak dira, eta Leioan (Bizkaia), Gasteizen eta Donostian eraikitako sustapenei dagozkie.

Axular aretoaren izenburua ‘Etxebizitza eta hiria’ da. Biltzen duen argazki-lanaren edukiak etxebizitza babestuen taldeen errealitatearen argazki sozial bat dirudi. Hainbat formatutako argazkien bidez, hiri-bizitza eta eduki soziala azaldu nahi dira, babestutako sustapenen inguruan sortutako espazioaren babesean. Lana Luis Asín argazkilariak egin du.

Bestalde, Etxepare aretoko izenburua ‘Etxebizitza eraikitzea’ da. Etxeko espazio bat birsortzen du: edukitzailea, eduki ukigarria –altzariak– eta eduki ukiezina –intimitatea eta erosotasuna, adibidez–. Aretoak, halaber, azken ia 40 urte hauetan etxebizitza publikoei buruz eman diren daturik garrantzitsuenak berrikusten ditu ikuspuntu politiko, arautzaile eta estatistikotik.

Azkenik, Bizkaia Aretoko terrazak leku bat du erakusketaren izaeraren berri ematen duen etxe baten formako eraikuntza iragankor baterako. Eraikinaren kanpoaldetik ikus daiteke.

Tailerrak eta mahai-inguruak

Erakusketa zabalik egongo den bi hilabeteetan, ekitaldi paraleloak antolatuko dira Euskadiko etxebizitza babestuen ia lau hamarkada hauek ulertzen laguntzeko. Hiru mahai-inguru daude aurreikusita Bizkaia Aretoan, eta hainbat ikuspuntutatik landuko da gaia: arkitektura (maiatzaren 17a), hiria (maiatzaren 31) eta politika (ekainaren 14a).

Gainera, haurrentzako tailerrak egingo dira lau asteburutan, belaunaldi berriei etxebizitza publikoen garrantzia eta helburu soziala ulertzen laguntzeko. Inskripzioak doakoak izango dira, eta erakusketaren webgunearen bitartez formalizatu ahal izango dira: www.expohbc.eus.

2018ko maiatzaren 3a