Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila

Azken eguneratzea: 2012/05/16

Ingurumen Sailburuordetzak 1,2 milioi euro erabiliko ditu Euskadiko enpresetan ingurumen-hobekuntza lortzeko ekintzak diruz laguntzeko

Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailburuordetzak 1,2 milioi euro emango die Euskadiko enpresei, ingurumena hobetzeko inbertsioak egiteko. Diru-laguntzetara biltzeko 2012ko deia egingo duen agindua maiatzaren 18an publikatuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian; eskabideak ekainaren 19ra arte egin ahalko dira.

Bestalde, jardunaldi bat antolatu da, aurtengo deialdiaren nondik norakoak azaltzeko. Maiatzaren 21ean izango da, Eusko Jaurlaritzaren Lakua II eraikineko auditoriumean, Gasteizen. Bertan izango dira Arantza Leturiondo, Ingurumen Sailburuordea; Francisco Olarreaga, Ingurumenaren Plangintzaren zuzendaria; eta Juan Ignacio Escala, Ingurumenaren Kalitatearen zuzendaria.

Enpresei zuzen-zuzenean jakinaraziko dizkiete aginduak beste urteekiko izango dituen aldaketak, bai eta eskaera egiteko beharrezko baldintzak ere. Halaber, bertaratutakoen zalantzak argitzen saiatuko dira.

Jardunaldian parte hartzeko ezinbestekoa da izena ematea. Horretarako, Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoaren web-orrian sartu behar da: http://www.ihobe.net/