Euskal Herriko Naturaren Kontserbazioari buruzko ekainaren 30eko 16/1994 Legean, zehazten diren baldintza eta betebeharretako bat beterik, testu horretan xedatzen diren estatutuetakoren baten babespean dauden tokiek osatzen dute Espazio Natural Babestuen Sarea.
Espazio Natural Babestuen Sarearen helburuak dira, alde batetik, Euskal Herrian dauden ekosistema eta formazio natural nagusiak agertzea eta, bestetik, kudeaketa sistema orokorrak koordinatzea.
Toki jakin batek, Espazio Natural babestuen Sarean sartuz gero, nolako ondorioak izatea aurreikus daiteke?
Toki bat Espazio Natural Babestu izendatzearen abantailak
Toki bat Espazio Natural Babestu izendatzean, Eragin Sozioekonomikoa duten Zonetan teknika, ekonomia eta finantza alorretako hainbat laguntza jarriko dituzte indarrean Lurralde eta Autonomia Erkidegoko Administrazioek ez ezik, Estatukoak eta Europakoak ere. Laguntza horiek hurrengo arloetara bideratzen dira:
Toki bat Espazio Natural Babestu izendatu eta Euskal Herriko Espazio Natural Babestuen Sarean halakotzat sartzeak, dudarik gabe, eskualdera bisitari ugari ekarriko dituenez, erabilera publikoa arautzea premiaz hartu beharreko neurria izango da. Horretarako, herriguneen egokipena sustatuko da eta horiei lotutako jarduerak naturgunea babestearekin uztartzeko modukoak izan daitezela bilatuko da, eta ostalaritzako establezimendu, landaturismoko etxe, landetxe eta antzekoen eskaintza heda dadin neurriak hartuko dira; jarduera horiek lanpostu berrien sortzaile izango dira luze gabe eta, gerora, Eragin Sozioekonomikoa duen Zonako herritarrentzat diru iturri alternatibo bilakatuko dira.
Toki bat Espazio Natural Babestu izendatzeak, oro har, ez du mugapenik ondorioztatzen tradiziozko nekazaritza, basogintza edota abeltzaintzako erabileretan. Alderantziz, horien mesedetarako neurriak hartzen dira, jarduera edo erabilera horiek elkarren osagarri izan daitezen, eta baliabideen galerarik gerta ez dadin.
Espazio Natural Babestu izendatzearen ondorioz sortutako mugapenak
Mugapenak, norentzat mugapen?
Espazio Natural Babestuaren izendapena xedatzen duen Arautegiak ez die jarduera tradizionalei kasu bakoitzean aplikatu beharreko legerian jasotzen ez den mugapenik ezartzen, oro har. Nolanahi ere, debekua edo onespena nahitaezkoa izatea bezalako mugapenak ezartzen zaizkie inpaktua eragiten duten jarduerei baldin eta Parkeari arrotz zaizkion beharrak bakarrik asetzen badituzte, hala nola harrobiak, erabilera publikoa, eraikuntzak, bide azpiegiturak, hari edo lineak, etab. Espazio osoan edo zona jakin batean jarduera tradizional bat eta Espazio Natural Babestuaren helburuak elkarrekin uztartzeko modukotzat jotzen ez direnean, jarduera hori apaltzeko edo arintzeko konpentsazio edo ustiatze neurriak bilatuko dira.
Erabilera publikoa
Erabilera publikoaren antolamendua ezinbestekotzat hartzen da Espazio Natural Babestuaren balioak zaintzeaz ari garela. Horregatik Antolamendu eta Kudeaketa Planek errealitate horri aurre egin behar izaten diete Espazio Natural Babestua izendatu den unean bertan (areago, lehenagotik ere). Erabilera publikoaren ondoriozko ohiko mugapen bat, Espazio Natural Babestuan barrena doazen bide gehienak ixtea eta bertako trafikoa zorrotz arautzea izaten bada ere, kontuan hartu behar da helburua ez dela gizakien pasabidea galaraztea, ibilgailuen trafikoa debekatzea baizik, eta, edonola ere, nekazaritzan edo basogintzan ari diren jabe eta langileei bertan ibiltzeko baimena den-denetan beti emango zaiela.
Ehiza
Espazio Natural Babestua izendatuz gero, esparru horretako lur guztiak Berariazko Ehiza Erregimen baten arabera arautuko dira. Horrek ez du esan nahi ehizan aritzea debekatuta dagoela, baizik eta ehizazko aprobetxamenduak Espazio Natural Babestuko fauna zaindu eta kontserbatzeari egokituko zaizkiola eta bertako erabilera publikoa ez urratzeko ahaleginak egin beharko direla. Horretarako, Ehiza Ordenatzeko Plan berariazkoak idatziko dira.
Izena | Leku-kopurua |
---|---|
Biotopo babestuak | 8 |
Parke naturalak | 9 |
Zuhaitz apartekoak | 25 |