Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila

Tokiko ekintza klima-aldaketari aurre egiteko

Euskadiko udalerriak modu erabakigarrian inplikatu dira Tokiko Agenda 21eko Ekintza Planen garapenean. Bide hori batera garatu dute udalerriek, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako Sailak eta foru aldundiek. Gaur egun, Euskadiko ia udalerri guztiek Tokiko Agenda 21 bat badaukate.

Klima-aldaketaren eraginei aurre egiteko zeharkako eran jokatu beharra dago, Administrazio Publikoaren maila guztiak hartuz. Udalak funtsezkoak dira eginkizun horretan, jarduketa arlo batzuetan daukaten erantzukizunarengatik eta herritarrengandik hurbil daudelako.

Bigarren belaunaldiko tokiko ekintza planek klima-aldaketaren eta inpaktu globalaren arloan esku hartzeko helburu zehatzak dauzkate mugikortasunaren, energiaren eta hondakinen arloetarako eta planeamenduaren, biodibertsitatearen eta ingurune naturalaren arloetarako.

Udalerriek tokiko jasangarritasunaren aldeko politiketan izandako inplikazioak berarekin ekarri zuen 2002an Jasangarritasunerako Udalerrien Euskal Sarea, Udalsarea 21, sortzea. Haren egiteko nagusia da Tokiko Ekintza Planetako ekintzak ezartzea eta jasangarritasuna sartzea udaletako lan arlo guztietan. Hiru lurralde historikoetako 200 herri baino gehiago hartzen ditu, eta klima-aldaketaren aurkako borroka da tokiko esparrutik lideratzen duten ekimenetako bat. Udalsarea 21 erakundeen koordinazioaren eredu bat da, zeren eta udalerriez gainera, sareko partaide baitira Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako Saila eta Osasun Saila, URA-Uraren Euskal Agentzia eta Ihobe-Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoa.

Udalsarea 21 zenbakitan 

  • 200 udalerri baino gehiago daude Jasangarritasunerako Udalerrien Euskal Sarean.
  • 70 udalerri inguruk urtero kalkulatzen dituzte CO2.emisioen inbentarioa.
  • 47 udalerrik mugikortasun planak dauzkate.
  • 75 udalerrik bigarren belaunaldiko tokiko ekintza planak dauzkate.
  • 19 udalerri plangintza energetikorako alkateen ituneko kideak dira.
  • 6 udalerrik klima-aldaketari buruzko araudi berekia daukate.
  • 2 udalerrik (Bilbo eta Gasteiz) klima-aldaketari egokitzeko plan berekiak garatu dituzte. Donostiak "Mayors Adapt" Europako ekimenari atxiki zaio, eta, horrenbestez, egokitzapen plan bat garatzeko konpromisoa dauka.

10 euskal udalerrik sinatu dute “Compact of Mayors” nazioarteko konpromisoa. NBEren eta tokiko sare batzuen sostengua duen konpromiso horrek –horien artean ICLEI- esan nahi du udalerri sinatzaileek konpromiso hauek hartzen dituztela: isuriak murrizteko helburuak beren buruari ezartzea eta argitaratzea, beren isuri eta murrizketak modu estandarizatuan jakinaraztea, klima-aldaketari buruzko urrakortasun-azterketak egitea, eta klima-aldaketa moteltzeko eta hari egokitzeko ekintza planak ezartzea. Munduko ekimen horrek Euskadi aitortu du tokiko erakundeen eskualde eragile gisa, nazioarteko eskalan.

  • Amurrio (10.139 biztanle): Oraintsu onartu du Tokiko Agenda 21eko hirugarren ekintza-plana, eta Hiri Antolamendurako Plan Orokorra berrikusten ari da gaur egun, honako irizpide hauek kontuan hartuta: jasangarritasuna, elikagai- eta energia-subiranotasuna eta bizi-kalitatea.
  • Areatza (1.227 biztanle): Hiri Erresilienteen eta Klima-aldaketara egokitzeko Munduko I. Kongresuan parte hartu zuen 2010ean Bonnen, eta gaur egun autoa partekatzeko ekimen aitzindari bat ari da sustatzen.
  • Balmaseda (7.833 biztanle): Balmasedak eraginkortasun energetikoaren eta mugikortasunaren aurrean duen jarrera hobetzeko apustua egin du, herrigune historikoan esku-hartze integrala eginda eta Kadagua ibai-ertzean begetazioa berrituta.
  • Bilbao (349.356 biztanle): Klima-aldaketak sorrarazitako hirien urrakortasunak aztertzen dituzten Europako proiektuetan parte hartzen du, hain justu, klima-aldaketara egokitzeko prozesuan aurrera egiteko metodoak garatuz.
  • Donostia-San Sebastián (186.500 biztanle): Hiria eraldatzeko sekulako urratsak eman ditu: mugikortasun jasangarriaren aldeko apustua eginda, isuri apaleko hiri barruko merkantzia-garraioa sustatuta, eta osasunaren ikuspegi integratua udal-politiketan txertatuta.
  • Durango (28.691 biztanle): Euskadiko 2014ko Udalerri Jasangarriaren saria eskuratu zuen iaz, Tokiko Agenda 21en bikaintasunagatik. Klimarekin duen konpromisoa hainbat ekintzaren bidez erakutsi du: udalerriaren kudeaketa energetikoa, mugikortasuna, hondakinen kudeaketa edota biodibertsitatea.
  • Errenteria (39.178 biztanle): Tokiko Agenda 21 berria eta Energia Jasangarrirako Ekintza Plana prestatu dituzte paraleloan. Hala, eraginkortasun energetikorako ekintzak ez ezik, erakundeak eta herritarrak erantzunkide egiteko eta sentsibilizatzeko jarduerak ere diseinatu dituzte.
  • Legazpi (8.638 biztanle): Urtero kalkulatzen du udalerriko eta udaleko berotegi-efektuko gasen isurien inbentarioa, eta nabarmentzekoa da energia-kontsumo arduratsuaren edota herritarrek parte hartzeko ekimenen alorrean duen ibilbidea, Erreka Eguna eta tankerakoak antolatuta.
  • Tolosa (18.836 biztanle): Eraginkortasun energetikoa eta energia aurreztea lehenesten ditu sektore guztietan klima-aldaketaren kontrako borrokan, baita mugikortasuna antolatzea, hondakinak kudeatzea edota tokiko biodibertsitatea hobetzea ere.
  • Vitoria-Gasteiz (241.386 biztanle): Aitzindaria izan zen klima-aldaketaren kontrako jardunean, eta 2006an onartu zuen Klima Aldaketa Prebenitzeko I. Estrategia, karbonoan neutroa den hiri izatea lortzeko. Gaur egun, toki-ekintzaren lider da gai honetan.

Euskadiko hiru hiriburuak inplikazio handia erakusten ari dira klima aldaketaren aurka, eta hirurek fenomeno global horren aurka borrokatzeko planak dauzkate.

Klima 2050 estrategia hiru euskal hiriburuetako ekintzekin integratzea jardunbide egokitzat aitortu du TAP programak, munduko 100 jardunbide egokienen artean sartuta –programa horren eragilea ICLEI da, hots, jasangarritasunerako gobernuen sarea, mundu osoko 1200 udalerriz baino gehiagoz osatua-. Aitortutako jardunbideen artean, honako hauek sartzen dira: egokitzapen-neurriak, hala nola Bilboko Zorrotzaurreko kanala irekitzeko proiektua; Gasteizko berdeguneen integrazioa, egokitzapen eta moteltze neurri gisa; eta Donostiako mugikortasunaren alorreko ekintza integrala, moteltze neurri gisa.

Udalsarea 21ek, Eusko Jaurlaritzako sailen babesarekin, klima-aldaketaren aurkako sentsibilizazio soziala sustatzen du eta tresna komunak lantzen ditu fenomeno horren aurka egiteko. Tresna horien artean, honakoak daude:

Azken aldaketako data: