Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila

IHITZA 46 - ETA GURASOEK ZER? 0,1 mikroWatioen borroka

Duela hiru urte Gasteizko Ibaiondo auzoko bizilagunak ikastolatik 35 metrora dagoen Lakua Hotelean hainbat antena instalatuta zeudela ohartu ziren. Ikastolako guraso elkartea eta eskola kontseilua elkartu ziren, honen inguruko informazio bila.

Samuel Bautista Ibaiondo ikastolako guraso elkarte eta eskola kontseilu kidea da.

Gurasook eta ikastolako kontseilua elkartu ginenean antena hauek eragin dezaketen ondorioen inguruan oso informazio gutxi zegoela konturatu ginen beraz, hainbat iturri ofizialetara jotzea erabaki genuen.

Europako Parlametuak publikatutako hainbat txosten topatu genituen eta 2011ko batek gomendatzen zuen erradiazioekiko esposizioaren balioa  0,1 mikroWatio/zm2 baino baxuago izatea. Eragin zitezkeen kalteak amianto edo beruna duen gasolinarekin konparatzen zituen, minbizia ere aipatzen zuen…

Oso deigarria iruditu zitzaigun eta Espainiako legeriak onartzen zituen baloreak kontsultatu genituen. Hau 1998 urteko erresoluzio batean oinarritzen da eta 500-1.000 mikroWatio/zm2ko baloreak onartzen ditu. Europak gomendatzen duena baino 10.000 aldiz altuago!

Alde handia da, baina nola neurtu daiteke ikastolan jasaten ari zineten erradiazioa?

Datu hauek ikustean ikaratu ginen eta Gasteizko udaletxeak dituen 6 neurgailuetako bat ikastolako teilatuan instalatzea eskatu genuen 2012ko maiatzean. Handik gutxira neurgailuak Europak gomendatutako baloreak baino 30-40 altuagoak markatzen zituen.

Orduan hainbat aditu taldeekin eta alderdi politikoekin elkartzen hasi ginen, egoera honetaz aritzeko, besteak beste Maroto alkatea eta Idoia Garmendia ingurumen saileko zinegotziarekin.

Eta zer nolako erantzuna jaso duzue?

Gaur arte, hitz politak eta hutsak besterik ez. Astero mobilizazioak eta hainbat greba egin izan ditugu erakundeen arreta bereganatzeko asmoz.

2014ko otsailean aurrerapauso handia eman genuen: Eusko Legebiltzarrean Bildu, EAJ, UPyD eta PSOE alderdiek aurkeztutako erresoluzioaren 6 puntuak onartu zituzten aho batez. Orduan aditzera eman genuen erradiazio radiomagnetikoaren inguruan duda ugari daudela.

Eta bat-batean, inongo abisurik gabe, 2014ko maiatzean ikastolako teilatuan dagoen neurgailua 0,1ko baloreak markatzen hasi zen. Orain lasaiago gaude baina, ez gaude pozik erkidego edo Espainia mailan ez direlako inolako neurririk hartu.

Oraindik astero konprobatzen jarraitzen dugu neurgailua eta espero dugu gure ikastolan izandako esperientzia beste lekuetara zabaltzea.

Azken aldaketako data:  2016/01/13