Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila

IHITZA 46 - KLASETIK AT

LEGO LEHIAKETA, ZIENTZIA ETA TEKNOLOGIA UZTARTUZ

First Lego League (FLL) 10 eta 16 urte bitarteko gazteei zuzendutako lehiaketa da. Gazteek erronka bati egin behar diote aurre: robot bat diseinatzea eta programatzea, betiere FLL baloreak kontuan izanda. Horrela, partehartzaileek lehiaketaren baloreak bereganatu dituztela frogatu beharko dute.

Talde guztiek entrenatzaile heldu bat izan behar dute gutxienez, eta gehienez taldeak 10 pertsonakoak izango dira. Mundu osoko gazteek har dezakete parte FLL lehiaketan (taldeak, eskolak edota erakundeak), zientzia eta teknologia ezagutzak bereganatuz. Gainera haien bizitza profesionalerako nahiz pertsonalerako baliagarriak izango diren zenbait trebetasun lortuko dituzte. 

Ikasleek erronka hiru fasetan garatu behar dute: proiektu zientifikoa, robot baten diseinua eta programazioa, eta lehiaketako baloreak.

Proiektu zientifikoan, ikerketa lan bat egin behar dute, eta lehiaketan proposatzen duten gaiarekin lotutako arazo erreal bati konponbide berritzailea bat eman. Bestalde, robot bat diseinatu eta programatu behar dute, eta robot horrek zenbait froga gainditu beharko ditu. Froga bakoitzak puntuazio jakin bat du, eta 2 minutu eta erdian ahalik eta puntu gehien lortu behar dituzte. Hori dena egiteko lehiaketaren baloreak (talde izaera, lehiaketa adiskidetsuaren espiritua, esperientziak partekatzea, ondo pasatzea…) erabili behar dituzte, eta balore horiek nola integratu dituzten frogatu. 

http://www.firstlegoleague.es/

ARRANO ARRANTZALEA KONTSERBATZEAREN ALDE

Urdaibai Bird Center eta Txingudiko paduretako Ekoetxea proiektu bat garatzen ari dira, arrano arrantzalea baliabide didaktiko bezala erabiltzeko, eta era berean, arrano arrantzalearen ikerketa eta jarraipena bultzatzeko. Eusko Jaurlaritzako Ingurugiro eta Lurralde Politika sailak eta Bizkaiko Foru Aldundiak finantzatu dute proiektua, eta Ingurugelak koordinatu.

Arrano arrantzalea Europa iparraldetik Sahara azpiko Afrikaraino migratzen duen hegaztia da, eta Urdaibaitik eta Txinguditik igarotzen da. Beraz, proiektu honen helburu nagusia espezie hori baliabide didaktiko bezala erabiltzea da, ez bakarra ordea: arrano arrantzalearen ikerketa eta jarraipena bultzatzea, arrano arrantzalea kontserbatzeko ikasleen partaidetza bultzatzea, eta hezkuntzari egokitutako teknologia berrien ikaskuntza bultzatzea dira besteak.

Ikastetxe guztiek har dezakete parte proiektu honetan; hain zuzen, LH-ko 3. mailatik DBH-ko 4. mailara arte. Dena den, proiektu hori esparru zabalago batera eramateko asmoa dute; izan ere, bi orduko doako bisita monografiko gidatuak egin ahal izango dira urriaren 1etik 30era.

Ikastetxeetan egindako lanaren eta bisita monografikoen ondoren, bateratze-lana egingo da 2016ko martxoaren erdialde inguruan, ebaluazioa egiteko, eta irakasleen esperientzien iritziak jasotzeko. Halaber, ikastetxeek euren lanak elkartrukatu nahi izanez gero, web orriaren atal honetan egin ahal izango dute: http://urdaibaiospreys.eu/eu/esperientziak.

Interesaturik dauden zentruek aurretiaz izena eman beharko dute bisita egin nahi duten ekipamenduan bertan.

 

Urdaibai Bird Center: 699 839 202

Txingudi Ekoetxea: 943 619 389 

http://www.birdcenter.org/eu/guri-buruz/urdaibai-ospreys

http://www.urdaibaiospreys.eu/eu/

JOLASAK

Ambientech, ikasteko modu dibertigarria

Ambientech jokoak 300 animazio eta ariketa interaktibo ditu, eta klasean eta etxean ikasten laguntzen du. Joko horiekin ura, energia, izaki bizidunak, materialak,osasuna eta gizartea esparruetako ezagutzak lantzen dituzte haurrek, eta modu erraz eta dibertigarri batean ikasten dute.

2005ean zientzian eta teknologian erreferenteak izan nahi zuten, eta horrela sortu zuten heziketa gunea, betiere ingurumena babesteko ikuspegi horrekin. Zientziaren, teknologiaren eta ingurumenaren ikasketa zabaltzea eta erraztea da egitasmoaren xedea, eta ikasleen motibazioa handitu dezaken metodologia bat sortu nahi dute; horrela, ikasleak gaur egungo ingurumen-arazoetaz jabetu daitezen.

www.ambientech.org/

Greenpeacen jolas interaktiboa

Haurrek ondo pasatuko dute Greenpeacen jolas interaktibo honekin. Animazio baten bidez, ibilbide bat egin daiteke eta ibilbide horri esker, kutsadurak eta kontsumoak eragiten dituen arazoei buruz gehiago jakingo dute haurrek. Publizitatea, erosketak edo mugikortasuna dira ibilbide interaktibo horretan jorratu daitezkeen gaiak, eta ibilaldi osoan Eva izango dute lagun. Haurrak bere ibilbidea aukeratuko du, nahi duen moduan eta nahi duen ordenean, eta Evak azalduko dizkio leku bakoitzari dagozkion datuak eta xehetasunak. Oso jolas interesgarria eta eraginkorra asmatu du Greenpeacek; izan ere, ikasleek gure jokabideei buruzko hausnarketak egingo dituzte, eta gure jokabideak jasangarriagoak izateko proposamenak egin ahal izango dituzte.  

http://consumo.greenpeace.es/

Azken aldaketako data:  2016/01/13