Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila

logo
45 Zbk..
servicios

Gaia zabaltzen

ARTEA ETA IRAUNKORTASUNA

arte y sostenibilidad

Zer da arte iraunkorra?

Gizartean baditugu arkitektura iraunkorra (eraikin berrietan ingurumen-inpaktua minimizatzea), nekazaritza iraunkorra (tokiko ekosistemara egokitzen den nekazaritza) eta banka iraunkorra (gizartearen aldetik arduratsuak diren inbertsioak), baita arte iraunkorra ere, hau da, gizarte-erantzukizuna, kontzientzia ekologikoa eta antzeko gaiak lantzen dituen artea.

Arte iraunkorraren hastapenak

Hastapenak 1960ko hamarkadako arte kontzeptualean aurki litezke. Hala ere, Gerra Hotza amaitu zenean, 1980ko hamarkadaren bukaeran, iraunkortasunarekiko kezka nabarmentzen hasi zen. Garai hartan ingurumenari eta gizarteari lotutako arazoekiko kontzientzia globala agertu zen.

ukeles

Artearen ikuspegi horren aitzindarietako batek, Mierle Laderman Ukeles-ek, "Manifesto for Maintenance art 1969!" argitaratu zuen 1969an. Horren bidez, berak Maintenance Art edo mantentze-artea zeritzona sortu zuen. Guztira 17 performance egin zituen, "Maintenance Art Performance Series" izenekoak (1973-1974). Horietan, artea eta eguneroko jarduerak, adibidez garbitzea edo janaria prestatzea, lotzen zituen. Performance horietako bat "Care" edo "zaintza" izan zen. Horretan, artista museo batera joan zen bizitzera bere familiarekin. Hantxe egiten zituen etxeko zeregin berberak: museoa garbi mantentzen zuen eta bisitariak bere gonbidatuak balira bezala hartzen zituen. Halatan, museoa benetako etxe bihurtu zuen.

Artea eta salaketa

Iraunkortasunaren balioekin lotutako arteak ez du itxura jakin bat, beste estilo edo mugimendu artistiko batzuek duten bezala. Aitzitik, arteak gure ingurunean duen eginkizunari buruzko ideia batzuk islatzen ditu. Artista horiek giza jardueraren hondamendiak eta naturan edo paisaian maila globalean izandako esku-hartze suntsigarriak salatzen dituzte. Horrela, ingurumena, justizia soziala, tokiko kultura eta antzeko kontzeptuak hedatuz joan dira artearen eremuan. Naturaguneetan edo paisaietan kokatutako artelanek, bai iraunkorrek bai behin-behinekoek, ikuslearen parte-hartzea bilatzen dute aktiboki. Horrela, ikuslea behatzaile, ibiltari edo ikertzaile bihurtzen da. Gainera, artelan horiek bat datoz antzeko materialak erabiltzean: tokian tokikoak, biodegradagarriak eta, zenbaitetan, birziklatuak ere izaten dira. Era berean, iraunkortasunak artearen negozioa edo merkatua goitik behera aldatzeko joera du; izan ere, artista horietako askok ez dute galeria batean edo bildumazale bati saltzeko moduko objekturik sortzen.

Artearen munduan dagoen iraunkortasunarekiko kezka eztabaidagai bat da gaur egun ere. 2000 aldera, hainbat eztabaida eta hitzaldi izan ziren Europa osoan arte garaikidearen eta iraunkortasunaren arteko harremanei buruz. Adibidez, Alemaniako Kultura Politikoaren aldeko Elkartearen hitzaldia, 2002ko urtarrilean, Berlingo Arte Akademian, edo Iraunkortasunari eta Arte Garaikideari buruzko Nazioarteko Sinposioa, Budapesten, 2006ko martxoan. Horiek lehenak izan ziren, baina geroago ere nazioarteko hainbat biltzarrek artista garaikideak, filosofoak, ingurumen-zientzialariak eta aktibistak elkartu zituzten, arazo horien inguruko eremu partekatua arakatzeko.

Artisten lanak giza jardueraren hondamendiak eta naturan edo paisaian maila globalean izandako esku-hartze suntsigarriak salatzen dituenean, ingurumena, justizia soziala, tokiko kultura eta antzeko kontzeptuak hedatu egiten dira artearen eremuan.
Maialen Gallego-Careaga Larrañaga

Maialen Gallego-Careaga Larrañaga

Arte Ederretan eta Artearen Historian lizentziatua Euskal Herriko Unibertsitatean. Gaur egun, Guggenheim Bilbao Museoko Hezkuntza eta Interpretazio Departamentuan lan egiten du.