Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila

Argitalpen-data: 2015/04/14

Gasteizek Koroatzea auzoko proiektua aurkeztu die europako beste bi hautagaitzei

Visesako zuzendari nagusi Marcos Muro, gaur, Vitoria-Gasteizen Tartuko (Estonia) eta Sonderborgeko (Danimarka) ordezkariekin elkartu da, Horizonte 2020 I+G+B programako «Hiru eta komunitate adimentsuei» buruzko NeUrban europar proposamenean lan egiteko.

NeUrban proposamenean, Koroatzea auzoko hiri-berroneratzearen jarduketa sartzen da eta, hain justu, proiektu horixe ezagutu dute Europako beste bi hirietako ordezkariek gaur. Horrez gain, Vitoria-Gasteizen, jasangarritasunaren eredu den hirian, gauzatutako estrategiak eta jarduketak ere ezagutu dituzte. 

Bilerak hiru hirietan proposatutako jarduketak ezagutzeko eta jarduketa horiek proiektu berritzaile honen ikuspegi eta helburu komunekin bateratzeko baliagarriak izan dira, hauexek dira ikuspegi eta helburu horiek: kontsumo energetiko gutxiko auzoak izatea, azpiegitura integratuak izatea, mugikortasuna jasangarria izatea, herritarrek parte hartzea eta hori guztia informazio nahiz komunikazioko teknologia irekien bidez integratzea. 

Vitoria-Gasteizko proiektuak Koroatzearen auzoko jarduketa pilotuan neurriak zabaltzea planteatzen du. Auzo hori mugikortasun-planeko superetxadi bat da, alderdi hauekin bat egiten duena: oinezkoentzat guneak berreskuratzea, ibilgailuak eta azken miliaren logistika elektrifikatzea, bizikleten erabilera sustatzea bizilonjak irekita, hiri-autobusetan aurrezteko sistemak ezartzea eta antzerako alderdiak. 

Bestetik, Koroatzearen auzoa kontsumo energetiko gutxiko auzo bat izatea lortu nahi da; horretarako, gutxienez, 700 etxebizitza birgaituko dira, berokuntza-eskaera erdira jaitsi dadin. Horregatik, tokiko energia berriztagarrietan oinarritutako bero-sare bat jarriko da auzoan. Hala, sare horrek eskaera termikoak estaliko ditu, erregai fosilekiko mendekotasuna gutxituko du eta ingurumena errespetatuko du. 

Kontsumo energetikoak monitorizatzeko eta kudeatzeko plataforma bat ezarriko da, tailerrak eta bestelako ekintzak egiteaz gain. Horiekin guztiekin herritarrek informazioa eskuratu ahal izango dute eta erabakiak kudeatzen eta erabakiak hartzen parte hartu ahal izango dute, Koroatzearen auzorako planteatutako jarduketa optimizatu dadin eta hiriaren gainerako guneetan, errepikatzeko moduko adibidea izan dadin.

 

Tartu eta Sonderborg proiektuak 

TARTU: Estoniako bigarren hirian, SESBren garaian eraikitako 1.000 etxebizitza inguru energiaren alderditik birgaitzeko neurriak ezarriko dira eta hainbat merkataritza-eraikinetako hondar-beroa erabiliko da etxebizitza horiek berotzeko, hiriaren bero-sarearen bidez. 

Tartu informazioaren eta komunikazioaren teknologiak (IKT) hiri-ingurunean integratzen eredu da (aparkalekua telefonoaren bidez ordaintzeko sistema ezartzen lehenengo hiria izan zen) eta, NeUrban proiektuaren baitan, ibilgailu elektrikoaren erabilera sustatzeko eta herritarrek IKTen bidez parte hartzeko zenbait ekintza ere egingo dira. 

SONDERBORG: Danimarkako hiri hau munduan eredu da, ekonomikoki bideragarria den modu batez, CO2-ren isuria murriztu duelako. 2029rako erregai fosilak ez erabiltzeko helburu handinahia du eta, horretarako, energia modu efizientean erabiltzeko eta iturri berriztagarriak erabiltzeko estrategia nabarmenak ezartzen ari dira. 

NeUrban proiektuaren barnean, hiri honetako 800 etxebizitza, udal-eraikinak eta eskolak energiaren alderditik birgaitu nahi dira. Era berean, aerosorgailuetatik datorren elektrizitate berdea integratuko da, orain dagoen hiri-beroaren sarean, bero-ponpen bidez.