Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila

logo
nº 43.
el tiempo

Ikastetxeko berriak

Legazpiko Erreka Egunaren hamargarren edizioa

Erreka-Eguna-Legazpi

Irailaren 21ean Legazpiko Erreka Egunaren 10. urteurrena bete zen, eta hori ospatzeko, hainbat ekintza gauzatu ziren Udalaren, ikastetxeen, tokiko zenbait erakunderen, Ingurugelaren eta URA agentziaren laguntzari esker.

Urtero bezala, herritar ugarik hartu zuten parte, 140k zehazki, eta haietatik, % 61 ikasleak ziren.660 kilo zabor jaso ziren, orain hamar urte bildutakoren erdia baino gutxiago.

Bestalde, 10. urteurrena zela tarteko, hainbat ekimen berezi egin ziren egun horren harira. Alde batetik, herritarrak errekaren garrantziaz sentikortzeko asmoz, erreka ondoan bi panel iraunkor jarri ziren, Euskal Herriko Unibertsitateko Garapen Iraunkorreko graduondoko ikastaroko Maru Lekuona irakasleak eginak, eta Uraren Euskal Agentziako Victor Peñas adituak hitzalditxoa eman zuen plazan, ibai eta erreken kontserbazioaren garrantziaz.

Eskolako Agenda 21 programaren barnean, ikasleek egindako hainbat landare inbaditzaileei buruzko fitxa-panel batzuk ere jarri ziren errekaren inguruan, eta Aranzadi Zientzia Elkarteko Yoana Garcia adituak horiei buruzko azalpena eman zuen.

Bestalde, aire zabaleko pintura-lehiaketaren gaia ere erreka izan zen, eta egun berean, Nerabe Zerbitzuko gaztetxoek errekaren aldeko graffitia margotu zuten.

Azkenik, irailaren 26tik urriaren 10era, Ibaialde erakusketa zabaldu zuten Kultur Etxean. Bide beretik, gogoratzekoa da Erreka Eguna ekimenak Udalsarea 21 Saria jaso zuela 2012. urtean, herritarrek eta, batik bat, eskolako umeek ingurumenaren alde gauzatzen duten jarduera hau egonkortzeagatik. Ederki pasatzeaz gain, errekaren kalitatea hobetzen laguntzen dute parte-hartzaileek, bertan pilatutako plastikoak, metalak eta bestelako zaborrak jasotzen dituztelako.

Legazpiko Erreka Eguna batzordea

Garapen iraunkorra ikastetxeetan.

fotograma

Ekimen europar hori bi ikasturtetan zehar gauzatu da eta beste herrialde batzuetako ikasleekin lan egitea ahalbidetu die ikasleei. Horrez gain, ikasleek Erresuma Batura, Italiara eta Frantziara bidaiatu ahal izan dute, eta bertan, garapen iraunkorraren aldeko ezaguerak eta gaitasunak bereganatu eta partekatu dituzte.

Barakaldoko Nicolás Larburu Goi-mailako Lanbide Heziketako Berariazko Institutuak jarri du martxan ekimena, Erresuma Batuko, Italiako, Frantziako eta Alemaniako ikastetxeekin lankidetzan. Guztira, Administrazio Kudeaketako erdi-mailako 60 irakaslek eta ikaslek hartzen dute parte. Ekimena Europako Comenius hezkuntza- eta kultura-programaren barneko "Bulego ekologikoa" proiektuaren bidez garatu da.

Nicolás Larburu institutuko ordezkariez gain, ikastetxe hauetako irakasle eta ikasleek ere parte hartzen dute proiektuan: Kaufmännische Schulen (Hanau, Alemania), Ormiston Victory Academy (Norwich, Erresuma Batua), Licée Professionnel Jean-Durroux (Ferrières, Frantzia) eta Instituto di Instruzione Secondaria Superiore Statale Michele Dell'Aquila (San Ferdinando di Puglia, Italia).

Proiektuak bi ikasturte irauten ditu, eta beste herrialde batzuetako ikasleekin lan egiteko aukera ematen die ikasleei. Gainera, Erresuma Batura, Italiara edo Frantziara bidaiatzeaz gain, garapen iraunkorraren aldeko ezagutzak eta gaitasunak lortu eta elkarbana ditzakete. Proiektuak hiru helburu ditu: herritarrek ingurumena zaindu beharrarekiko kontzientzia handiagoa hartzea, jarduera txarrak nabarmentzea eta jarduera onak zehaztea, jarrera eko-hiritarrak hartuz.

Barakaldoko egonaldian, ikasleek jarduera onen dekalogo bat zehaztu dute, irakasleen laguntzarekin, eta bideo batean azaldu dute. Bideo horretan, honako gai hauek jorratu dira, besteak beste: eskolako eta lantokiko ingurumena hobetzen lagun dezaketen faktoreak (berokuntza, elektrizitatea, argiak, koloreak, landaredia, etab.), materialen eta produktu kontsumigarrien erosketen kudeaketa arrazoitua, materialen eta kontsumigarrien birziklapena, eta komunikazio-sistema materialak eta immaterialak (aukeraketa arrazoitua, Internet edo informazioa zirkulatzeko beste metodo batzuk).

Barakaldoko Nicolás Larburu Goi-mailako Lanbide Heziketako Berariazko Institutua

Gehiago Irakurtzea

Kontsumo-taldea San Bizente ikastolan.

oion_saski

Astelehenero, inguruko nekazariek beren saskiak eramaten dituzte Ikastolara. Gero, kontsumo-taldean parte hartzen duten familiek horiek jasotzen dituzte. Etorkizunean, ikasleek saskiak prestatu eta saldu beharko dituzte ikastolako baratzeko produktuekin.

Ideia duela urte bete jarri genuen martxan, Ikastolako bizitza-filosofiarekin bat datorren dinamika bat delako, maitasunez ekoiztutako kalitatezko produktu osasuntsuez gozatu nahi dugulako eta, hitz gutxitan, arduraz kontsumitzearen beharra ikusten dugulako. Produktuak ekologikoak izateaz aparte, gertukoak dira, eta horri esker, gure inguruko ekonomia bultzatu eta garraioaren gastu ekologikoa ekiditen dugu. EA21aren inguruko lanketarekin bete betean asmatzen zuen dinamika izanik, baietz esan genion aho batez.

Kontsumo-taldean sartzea nahi duen edonori e-mail bidezko formulario bat helarazten zaio, eta horretan, ekoizleak eskuragarri dituen produktuak eta haien prezioa helarazten dizkigu. Norberak bere on-line eskaera bidali ostean, nekazariek astelehenero ekartzen digute saski-sorta eder bat ikastolara. Saskiak LHko 4. eta 5. mailetako ikasleek margotu izanak oraindik ere ederrago egiten ditu! Norberak hurbildu behar du bere saskiaren bila, eta dirua postontzia batean utzi. Ez al da erosoa?

Astean behin, gurasoak ikastolara hurbiltzea bermatzen du eginkizun honek, eta bide batez, gurasoen inplikazio-kutsuaren zipriztinak ikasleak ere bustitzen ditu. Bestalde, etorkizunean ikasleek salmenta-prozesuaren kontrola kudeatzea gustatuko litzaiguke, edota ikastolako baratzeko produktuek saskietan bere lekua izaten lagundu gaitzaten ere. Interesgarria, ezta? Jardueraren arrakastak ekoizle gehiago gonbidatzera bultzatu gaitu, eta saskia ogi, ezti eta lekale ekologikoez aberasteko aurreproiektua esku artean darabilkigu jada. Kontatuko dizuegu beste batean kontsumo arduratsuaren bide honek nora garamatzan, bitartean, on egin!

Oiongo San Bizente Ikastola